Pandemiaren etenaldia gaindituta, aurten, atzera ere berreskuratuko da Aratuste-martitzeneko dantza ikuskizuna, Plaentxi Eskolako umeek egiten dutena, gurasoen eta Udalaren laguntzarekin.
Oraingoz, sei taldek eman du izena eta izena emateko epea itxita dagoen arren, zazpigarren talde bat ere hortxe dabil, animatu nahian, baina guraso arduradun faltan.
Kontuak kontu, bi aste pasatxo besterik ez dira falta dantzaldirako eta izena eman duten taldeak dagoeneko ari dira entseguak egiten, besteak beste, Tolarekua aretoan.
Kiroldegia lepo
2019an egin zen azkeneko aldiz koreografia erakustaldia, justu pandemia-egoera deklaratu baino egun batzuk lehenago. Azkenaldi hartan, 130 umek parte hartu zuen ikuskizunean eta kiroldegia jendez lepo bete zen.