Bi urtez, "audientzia txikiarekin" ibili ondoren, Twitch-era ere sartu zen. Han, egunero apurtzen zituen ikusle-markak. Aldi berean, Twitcherako egindako zuzenekoen edukia TikTok-era igotzen ere hasi zen eta, gaur egun, zenbaki benetan deigarriak ditu Suhagamer 04k: 365.000 jarraitzaile TikTok-eko kontu batean; beste 70.000 jarraitzaile TikTok-eko bigarren kontu batean; 61.000 jarraitzaile ditu Twitchen zein Youtuben eta beste 13.600 Instagramen.
3, 4 eta 6 milio bisitaldi
Hori horrela, youtuber moduan hasi zen gaztea, orain, eduki sortzailea da. Umorezko bideoak igotzen ditu, gehienak futbolarekin lotutakoak eta asko Ezoziko futbol zelaian grabatutakoak. Kolaborazioak ere egiten ditu, denbora darama, adibidez, Alsa autobus konpainiarekin. "Gamer edukiarekin hasi nintzen; TikTok-en, berriz, umorezko bideoekin. Jendeak azken horiek zituen gustuko eta halakoekin segitu nuen. Behin, baloiak bilatzea bururatu zitzaidan; bideo hark 4 milioi bisita eskuratu zituen. Zoramena iruditu zitzaidan, oraindik ere horrela iruditzen zait. Hori gutxi ez, eta bideoaren bigarren zatiak 3 milioi ikustaldi izan zituen, hirugarrenak 6 milioi… baloi bilaketarekin lotutako bideo guztiek gainditu egin zuten milioi bateko ikustaldia. Orain, horrela ezagutzen naute, baloi bilatzaile modura. Kalean beti eskatzen didate baloi bila bideoen jarraipena egiteko. 30 baloi baino gehiago aurkitu nituen, baina denak bueltatu ditut; orain lauzpabost besterik ez ditut".
Dedikazio handia
Suhak ordu asko ematen ditu sareetarako edukia sortzen. "Hasieran erraza dirudi, baina lan egin beharra dago. Lehen asko. Egunean, sei ordu pasatzen nituen zuzenekoak egiten, bideoak egiten bi ordu eta horri gehitu horrek guztiak atzetik duen lanketa. Asteburuan gutxiago, baina hor ere bai", dio.
Hortik bizi barik
Halako dedikazio handia eskaini, emaitza ikusgarriak lortu eta gustatuko litzaiokeen arren, Suhagamerrek ez du espero sare sozialetatik bizitzea. Uste du ez direla "betiko" izango, eta arriskutsu ikusten du haiekiko dependentzia. Are gehiago, berari gertatutakoaren ondoren: "Lehen, sare sozialetatik bizi ahalko nintzateke, baina adinez txikikoa nintzen. 18 urte bete behar nituen bezperan, TikTok-ek (700k jarraitzaile nituen) kontua eliminatu zidan. Oraindik ez dakit zergatik ofizialki. Orain badut beste kontu bat, baina sare sozialak ez dira betiko izango. Ezin duzu mendekotasun hori izan. Behin kontua duzu, gero itxi egiten dizue…"
Milioi bat jarraitzaile
Kontuak kontu, oraingoz, sareetan aurki dezakegu Suhagamer, guztiz indarberrituta, TikTok ipar duela. "Orain astebete dena lagatzeko gogoa nuen. Etenaldia egin nuen TikTokekoa eta gero, gainera ez neukan denbora larregi. Orain, berriz, dena emateko gogoa daukat. Denbora libre gehiago daukat eta hasita nago bideoak igotzen". Batik bat, TikTok-en. Youtuben, shorts-ekin (bideo motzekin) lortzen ditu bisitaldiak, baina 10 minutuko bideo normalek ez dute emaitza bera ematen. Gainera, "konstanzia" eskatzen du Youtubek eta ez du bere burua hor "ikusten. Aldiz, argi du TikToken zer lortu nahi duen: "Komunitate egonkorra, milioi bat jarraitzaile eta umeak futbolarekin lotutako bideoekin entretenitzea, halako bideoengatik ezagutzen naute eta beste zerbait egiteak ez luke zentzurik izango", dio.