Oraingoz, intzidentzia barik

Ubane Madera Zangitu 2023ko urt. 18a, 09:22

Aurreikuspenak bete eta kaleraino zuritu du gaurkoan, eguaztena. Egoeraren jakitun, bertako langileak elurrak eragindako intzidentziak zein trabak garbitzera bideratu ditu Udalak goizeko lehen ordutik. Brigadakoak kalean ari dira lanean eta Debemenekoak mendiko bideak garbitzen, arbolaren bat zein beste erretiratu dute errepidetik, adibidez. Gatza ere banatuta dago ohiko puntuetan. Bestalde, mendira autoz ez igotzeko abisua jarriko du Udaltzaingoak, baimendutakoak izan ezean; Ezoziko plazan eta Keixeta errekako errebueltan jarriko dituzte seinaleak.

Euskalmetek Soraluzerako egindako eguraldi iragarpenaren arabera, gaur, zerua estalita egongo da eta euria ia etengabe egingo du. Noizbehinka ekaitzak joko du. Elur-kota, 400-500 metrora kokatuko da eta baliteke noizbehinka 200-300 metrora kokatzea. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira. Minimoak hiru gradukoak izango dira eta maximoak 6 gradukoak.

Bihar, berriz, elur-kota igo egingo da eta egunaren erdiko orduetan 600-700 metro inguruan egongo da. Hori bai, tenperatura minimoetan ez da apenas aldaketarik egongo; maximoak, berriz, apur bat igoko dira.