Gaurko elkarretaratzean, sagardoarekin eta pintxoekin ospatu dute azken bost urteotako borrokari esker pentsioetan hobekuntzak lortu izana. 40 lagunek egin dute bat hitzorduarekin, Kontzejupean.
"Elikadura, osasun… eskubideak"
Aldi berean, azpimarratu dute “mila arrazoi” dituztela borrokan jarraitzeko. “Onartezina da langileek, pentsiodunek eta, oro har, herritarrek ordaintzea bizitzaren igoerarekin, finantza-oligopolioen eta energia kudeatzaileen mozkin errekorrak. Onartezina da gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar izatea oinarrizko premiak asetzeari, hala nola, etxe erosoak izateari, osasunerako eskubideari, elikadura osasuntsuari eta erretiroaren ondoren diru-sarrera duin eta bizitzeko bestekoak bermatuta izateari”, esan dute.
Aberastasunaren banaketa justua
Adierazi dutenez, egoera horren aurrean, “gazteek eta adinekoek, jarduneko langileek, pentsiodunek, gizonek eta emakumeek, eskakizun bera” dute, “aberastasunaren bidezko banaketa, soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea eta zerbitzu publikoak hobetzea”. Hori dela-eta, pentsioen aldeko borrokarekin segituko dutela adierazi dute, “berdin dio nork gobernatu, guk pentsioak defendatu”, esan dute.