agenda

Herriko bertsolarien saioa eta Bikustik taldearen kontzertua Gazteluperen agurreko jaian

Egoitz Unamuno 2023ko urt. 7a, 09:24

Zabaletak eta Gurrutxagak osatzen dute Bikustik taldea.

Gaztelupe tabernak Hurregora arte festa antolatu du domeka eguerdian, "datorren denboraldira arte agur esateko". Emanaldiak bertsoa eta musika uztartuko ditu. Hasteko, 13:00etan Josune Aramendi eta Eneko Beretxinaga bertsolariek jardungo dute bertsotan eta, ostean, Bikustik taldeak kontzertua eskainiko du.   

Bertso saioari dagokionez, herriko bi bertsolari izango dira domekan jendaurrean kantatuko dutenak. Ez da izango Aramendik eta Beretxinagak elkarrekin kantatuko duten lehen aldia baina bai biek bakarrik kantatuko duten lehen saioa. Horrek, zalantzarik gabe, esangura berezia emango dio saioari.  

Ostean jardungo duen Bikustik taldeari dagokionez, ahots nagusia da Jon Gurrutxagarena da eta gitarrarekin ez ezik ahosoinuarekin edo panderetarekin ere laguntzen dio Patxi Zabaleta gitarra nagusiaren doinuei eta koruei. Bi musikarion ibilbideek Arima Beltzaren azken garaian egin zuten topo eta gaur egun, Bikustiken emanaldietan Beatles, Led Zeppelin, Chris Robinson, nahiz Creedence Clearwater Revival bezalako taldeen kantuak interpretatzen dituzte euren moldaketa akustikoen ikuspegitik.