Bi urtean etorri ezinda egon ondoren, bihar, Soraluzeko umeek ere izango dute Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoen bisita.
18:00etan, Mesedeetako egoitzara joango dira eta bertako bizilagunei emango dizkiete lehen opariak. Segidan, Errekaldeko iturri parera jaitsiko dira, han zain izango baitituzte kalejirarako zaldiak.
Gozokiak ibilbidean
Zaldi gainera igo eta Atxuritik zubira joango dira kalejiran, handik Plaza Zaharrera eta Gabolatsetik gora, Ezozibideko biribilguneraino. Han buelta hartu eta bide beretik Plaza Berrira iritsiko dira. Ibilbidean zehar, gozokiak botako dizkiete zain diren umeei.
Gutunak eta opariak
Behin kalejira bukatuta, berriz, elizpera joango dira Errege Magoak eta ohi denez, han, banan-banan hartuko dituzte umeen gutunak eta haien nahiak entzun, oparitxo bana emateaz batera.
Aurten, 33. urtea izango du Beti Prest Aisialdi Elkarteak antolatutako Errege Magoen kabalgatak.