Zapatu arratsaldean, urtero presoen eskubideen alde egin ohi den manifestazio jendetsua egingo da Bilbon Sarek antolatuta. Aurrez, goizean, Elkarbizitzarantz aurrera eginez mahaingurua egingo dute Euskalduna Jauregian jatorri ezberdinetako sei biktimen ahotsak bilduz. Bertan izango dira: Rosa Rodero, ETAren biktima (Joseba Goikoetxearen alarguna); Rosa Lluch, ETAren biktima (Ernest Lluchen alaba); Maider García, GALen biktima (Juan Carlos Garcíaren alaba); Irantzu Benito, Dispertsioaren biktima (Bi lagun galdu zituen eta bera zauritu zen auto istripuan); Mari Nieves Díaz Torturaren biktima (Iratxe Sorzabal presoaren ama); eta Tamara Muruetagoiena Torturaren biktima (Esteban Muruetagoienaren alaba). Moderatzaile lanetan, berriz, Maider Galardi kazetariak jardungo du.
Mahaingurua goizeko 10:30ean hasiko da eta zuzenean jarraitu ahal izango da Sare Herritarrarren webgunean eta Youtubeko kanalean.
Zenbait biktimek bat egin dute
Aurten jatorri desberdineko indarkeriaren zenbait biktimek bat egin dute Sarek zapaturako antolatu duen manifestazioarekin. Besteren artean, Rosa Rodero (ETAk 1993an hildako Joseba Goikoetxea Ertzaintzako buruaren alarguna), Unai Romano (Guardia Zibilak torturatu egin zuen 2001ean) eta Ibon Garate (haren anaia Ruben Garate auto istripuz hil zen 2000ko otsailean, Alcala Meco espetxean preso bat bisitatzetik zetorrela) agertu dira hedabideen aurrean eta Asun Lasak, GALek 1983an hildako Joxean Lasaren arrebak, ere adeirazi du bat egiten duela mobilizazioarekin. "Ez dugu nahi gure isiltasuna inork erabil dezan beste inori sufrimendua eragiten jarraitzeko" adierazi dute; "garaia da legea eta justizia salbuespenik gabe aplikatzeko eta, beraz, etxera itzultzeko bidea has dezaten, legeak hala ezartzen badu".