Jakiundeko oraingo presidente Juan Inazio Perez Iglesiasek eman zion izendapenaren berri Larrañagari. Azken horrek, bere aldetik, Jakiunden sartzeak eskatzen duen konpromisoa berretsi eta garatuko dituen proiektuen berri eman zuen.
"Bi asmo ditut. Bata da Institutuetan-eta hitzaldi dibulgatiboak ematea, urtero 6-8 bat aldiz. Asmoa da lehendabizikoa Soraluzeko Institutuan ematea. Aurrera begira, liburuxka txiki batean hitzaldi horien esperientzia jasotzea ere gustatuko litzaidake. Bigarren asmoa, berriz, da enpresetan adimen artifiziala nola erabili aztertzeko lanketa egiten segitzea, INZU taldearekin ari gara elkarlanean", jakinarazi du.
Larrañagak gaineratu duenez, zentzu horretan, BAIC (Basque, Artificial Intelligence Center) sortu zenean orain dela hiruzpalau urte, Eusko Jaurlaritza jarri zen berarekin harremanetan, zientzialari soraluzetarrak dituen asmoen berri jakiteko.
Kargua udaberrian
Ezustekorik ezean, Pedro Larrañagak 2023ko udaberrian hartuko du Jakiundeko jakitun urgazle kargua. Ez zaio arrotz egingo Zientzia, Arte eta Letren Akademia. Bertako jakitun asko ditu ezagun, "batez ere EHUn egon nintzenekoak: Jose Luis de la Cuesta, Paco Etxeberria, Jose Maria Asua, Marti Masso, Ana Zubiaga, Jesus Ugalde…", eta azkenengo urteetan ezagutu dituenak, "Maria Jesus Esteban eta Humberto Bustince".