Datozen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Soraluzeko Sarek

Egoitz Unamuno 2022ko abe. 30a, 08:04

Joan zen urtarrileko mobilizazioa herrian egin zen, pandemia ela eta.

Espetxe-politika aldatzea aldarri hartuta, Soraluzeko Sarek bi hitzordutan parte hartzera dei egin die herritarrei: batetik, goizeko 11:00etan, Martuteneko espetxetik aterako den Gipuzkoa mailako manifestazioan; eta bestetik, arratsaldeko 19:30ean, Plaza Berrian egingo den elkarretaratzean. Urtarrilaren 7an, Bilbon egingo den manifestaziorako autobus txartelak ere salgai ipini dituzte.  

Balantze "gazi-gozoa" egin du Soraluzeko Sarek aurtengo urteari dagokionean, "hainbat preso hurreratu eta Euskal Herriratu dituzte baina beste hainbati gradu progresiorako eta bladintzapeko askatasunerako aukera mugatu diete. Aurrera goaz baina lanean jarraitu beharra daukagu salbuespeneko politikak erabat desagertu eta preso dauden eta erbestean duden herritarrak etxera ekarri arte". Hala, mobilizatzen jarraitzeko deia egin die Sarek plazentziatarrei. 

Bihar, zapatuan, urteko azken egunean, bi mobilizazio egingo dituzte: lehenengoa, goizeko 11:00etan Martuteneko espetxetik abiatuta egingo duten Gipuzkoa mailako mobilizazioa izango da eta bigarrena, berriz, arratsaldeko 19:30ean, Plaza Berrian egingo dutena. 

Bilboko manifestaziora joateko autobusak

Bi urteko geldialdiaren ostean, 2023an Sare Herritarrak berriz ere antolatuko du urte hasieran Bilbon egin ohi duen manifestazioa. Urtarrilaren 7an izango da eta Etxera bidea gertu lelopean salbuespenezko espetxe politika amaitzearen alde dauden herritarrak batuko ditu bertan. Soraluzeko Sarek bertan parte hartzeko deia egin die herritarrei eta jakinarazi du bi autobus antolatuko dituela; bata goizeko 11:00etan aterako da eta bestea arratsaldeko 15:30ean. Dagoeneko txartelak salgai daude Arrano eta Bolia tabernetan.