Kukumixok eta Pil-pileanek ondorengo agiria kaleratu dute: “Urtero moduan ilusio handiarekin prestatu dugu Olentzero eta Mari Domingiren etxola eta 24ko etorrera ere bai, Soraluzeko umeei eta gurasoei ahalik eta momenturik gozagarrienak eskaintzeko intentzioarekin. Halabaina, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, pertsona batzuk etxola barrura sartu eta panpinak desitxuratu dituzte (bereziki Mari Domingirena) eta inguruan kalteak eragin ere bai. Ez da lehen aldia, baina oraingoan, kalteak beste batzuetan baino larriagoak izan dira eta gainera, berez jai girorik gabekoa zen gau batean gertatu dira.
Horren aurrean, lehenik eta behin, salatu nahi dugu halako ekimen bati kaltea eragin dioten pertsonen portaera eta ozen esan nahi diegu ez dugula onartzen denona den ekimen kultural bat era horretan kaltetzea. Zoritxarrez, halako eta antzeko gertaerak gero eta ohikoagoak dira gure herrian eta inguruko beste hainbatetan. Ez da aztia izan behar halako portaeren oinarrian gizarte moduan ditugun arazo potoloagoak daudela antzemateko. Gure aldetik, datozen orduotan, panpinak eta ingurua ahal bezala konpondu eta Udalarekin batera, etxola babesteko modurik egokiena zein izan daitekeen aztertuko dugu".
Horrekin batera, Kukumixon eta Pil-pileanen dihardugun herritarrok ahalegina egiten jarraituko dugu kulturgintzaren eta heziketaren bidez denontzat gozagarriagoa izango den herria egiteko eta ziur gaude aurrerantzean ere bidelagun asko izango ditugula zeregin horretan.
Ekarrekin zainduko dugu maite dugun hori!”.