Elkarretaratzea egin dute 'Osakidetza defenda dezagun' lelopean

Egoitz Unamuno 2022ko abe. 22a, 13:35

Eguerdiko elkarretaratzea Plaza Zaharrean.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako mobilizazioari erantzunez, gaur eguerdian anbulatorioko langileek agerraldia egin dute Plaza Zaharrean, Osakidetza defenda dezagun lelopean. Izan ere, Osasuneko Mahai Sektoriala osatzen duten sindikatuok salatu dute Osakidetzak ez duela negoziatu nahi eta horren aurrean mobilizatzera deitu dituzte lehen mailako arretako zentro guztietako langileak, "negoziazioa eskatzeko eta osasun publikoa babesteko".

Soraluzeko anbulatorioan erizain lanetan diharduen Inmaculada Izurietak azaldu duenez, "desmantelazioak eta kontsultorio txikiak ixten joateak" kezkatzen ditu langileak: "Beldur gara garai bat iritsiko ote den non ez den izango lanari erantzuteko langilerik eta anbulatorio txikiak itxi egin beharko diren". Horrekin batera, salatu du "langileak estres maila handiarekin" dihardutela lanean eta neurriak eskatu ditu langileria "zaintzeko". 

Datozen asteetan mobilizazio gehiago espero dituzte.