Pandemia ostean, lehen aldiz, Mari Domingi eta Olentzeroren etorrerako ekitaldiak aurretik egiten zen moduan egingo dituzte. Hala, goizeko hamaiketan, kalejira abiatuko dute Plaza Berritik eta Ezozibidetik buelta Zubi Nagusira ailegatu eta gero, pertsonaia mitikoek kiroldegiko frontoian banatuko dituzte opariak. Han, adinaren araberako txandetan antolatuko dituzte umeak: lehenik 0-2 urte bitartekoak eta atzetik gainerakoak (HH eta LH).
Opariak banatu bitartean, umeek eta gaztetxoek jolasak eta margotzeko gunea izango dituzte aukeran, Kukumixoko hezitzaileek eta gurasoek gidatuta. Horrez gain, salda eta txorizoa erosteko aukera ere izango da.
Erregeak ere badatoz
Bi urtean etorri barik egon eta gero, aurten hiru Errege Magoak ere etorriko dira herrira. Hala, urtarrilaren 5ean, arratsaldeko 18:00etan, Erregeak eta euren laguntzaileak erresidentziako nagusiei joango zaizkie bisitan eta 19:00etan, kabalgatan aterako dira Atxuriko iturriaren paretik, zaldi gainean. Ezozibidetik buelta egin eta gero, elizpean banatuko dituzte opariak eta jasoko dituzte gutunak.
Jose Gil Beti Prest Taldeko kideak adierazi duenez, denak ere “gogotsu” daude berriz kabalgatan ateratzeko eta normaltasunez umeekin bat egiteko.