Urte amaierako bertso saioak herriko ikutua izango du

Egoitz Unamuno 2022ko abe. 18a, 08:00

Ane Labaka Mayoz, Igor Elortza Aranoa, Eneko Beretxinaga Laskurain, Josune Aramendi Perez eta Jokin Bergara Eguren.

BertSora bertso eskolak antolatuta, abenduaren 23an, barikuan, urte amaierako bertso saioa egingo da antzokian. Bertan bost bertsolarik kantatuko dute: Jokin Bergarak, Josune Aramendik, Ane Labakak, Igor Elortzak eta Eneko Beretxinagak. Gai-jartzaile lanak, berriz, Arrate Gisasola bertso eskolako kideak egingo ditu. Saioa iluntzeko 19:00etan hasiko da. Dagoeneko sarrerak salgai daude 5 eurotan (arruntak) eta 3 eurotan ("prekarizatuentzakoak"), Iratxo goxodendan.   

Aurreko urte batzuetan ere antolatu izan da urte amaieran bertso jaialdia, sarritan bertsolari gazteekin. Aurtengoan, bertsolari gazteekin batera beteranoagoek ere kantatuko dute baina beharbada aipagarriena da Eneko Beretxinagak plazentziatarrak eta Josune Aramendi Soraluzen bizi den markinarrak kantatuko dutela. Gainera, gai-jartzaile lanetan plazentzian bizi den Arrate Gisasola eibartarrak jardungo du eta protagonisten artean hiru herritar izateak, zalantzarik gabe,  izaera berezia ematen dio jaialdiari. 

Bertso ekimenak urte osoan

2022. urtean zehar Soraluzeko BertSora bertso eskolak bertsogintza sustatzeko hainbat ekimen antolatu ditu herrian, azkena, azaroan, Beñat eta Unai Gaztelumendik Bidea da borroka komiki liburua aurkezteko Gaztetxean egin zuten emanaldia. Ekimen hauek antolatzeko, eskolak Soraluzeko Udalaren babesa izan du.