“Orain dela hainbat urte ez zegoen karneterako edo familia liburuetarako argazkiak ateratzeko ezer. Aita argazkilaria zen, optikoa izateaz aparte. Orduan, karnetetarako-eta, eskatzen ziren aurpegiaren argazkiak fondo zuriarekin. Jendea etortzen zen etxera argazkiak ateratzera eta etxekook ipintzen ginen atzean izara edo toalla zuri batekin; guri horrek ilusioa egiten zigun. Gero, aitak zeukan ekipoa argazkiak errebelatzeko, gillotina haiek mozteko… Eta mozten zituen karnetetarako behar ziren neurriekin”; halaxe kontatu ditu Eli Lakuestaren alaba Larraitz Lakuestak ikusgai jarritako argazkien gaineko nondik norakoak.
Belaunaldi eta sasoi desberdinak
Ehundik gora erretratu dira. Gehienak pertsona bakarrekoak, baina badira lauzpabost familia-argazki ere. “Belaunaldi eta sasoi desberdinetakoak dira; ze pertsona batzuk errepikatu egiten dira eta aldatuta ikusten dira”, esplikatu du Larraitz Lakuestak.
Hark gaineratu duenez, argazkietako protagonista “dezente” identifikatuta dituzte. Erakusketa gelan bertan ari dira ahalik eta izen-abizen gehien jasotzen, “asko segituan igartzen da zeintzuk diren, baina beste batzuk ez”, dio.
Argazki erakusketa abenduaren 31ra arte izango da ikusgai astelehenetik barikura 19:00etatik 20:30ak arte eta zapatuetan 12:00etatik 13:30ak arte. Kontrargi Argazki Kolektiboak antolatu du eta elkarteko kide Mikel Valerok esan duenez, argazkiak erosteko aukera ere badago.