Gogotsu, baina aldi berean, urduritasun handiarekin ekin zion kontzertuari Behi bi blues bikoteak. Euriari eta hotzari aurre egin behar izan zioten; entseatzeko tarterik ere ez zuen izan 2015etik elkarrekin jo barik zegoen bikoteak, baina “zuzeneko batek ardura ere badauka” eta “ondo” egiteko nahia“ tarteko, “gogotsu” taularatu ziren bi gazteak.
"Plazera izan zen guretzat"
Elkarrekin jardundakotik eskuratutako urtetako “esperientzia” izan zuten bidelagun, eta, lagunak animatzaile. “Oso gustura egon ginen, lagunak etorri ziren; asteburu guztian tabernatik pasatu ziren herritarrak esaten etorriko zirela, horiek ere etorri ziren. Eta gozada bat izan zen. Hotza demasa, egia esan, eta jotzeko komeriak jeje. Baina bueno, publikua txaloka ere jarri genuen eta epeltasuna lortu ete genuen. Egia esan asko eskertu genuen, batez ere, jendearen harrera. Aspaldiko partez berriz elkartu eta musika jotzea plazera izan zen guretzat, berriz ekiteko aitzakia, jolasten jarraitzeko zuzeneko musikarekin gozatzen. Gainera, gero bazkari on batekin aspaldiko kontuak gogoratuz borobildu genuen domeka”, borobildu du Gaizka Azkaratek kontakizuna.
Kontzertuko argazkiak HEMEN ikusgai.