Sindikatu deitzaileen esanetan (STEILAS, ELA eta LAB) azaroaren 30eko “greba eta mobilizazio egunak oso jarraipen zabala” izan zuen. “Bertan argi geratu zen Hezkuntzako langileen desadostasuna Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko”, diote.
Biharko greba deialdiari dagokionez, berriz, protesta egingo dute uste dutelako, oro har, “EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela (…) Eta aldi berean, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea” behar dutela partekatzen dute.
Protesta-deitzaileen ustez, honakoak dira legean jaso beharreko aldarrikapenak:
- 1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dute.
- 2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea nahi dute.
- 3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dute.
- 4.- Hezkuntza lege propioa nahi dute.
- 5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dute.
- 6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dute.
- 7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen legea nahi dute.
- 8.- Hezkuntza sistema osatzen duten langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dute.
- 9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dute.
- 10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dute, langileak aintzat hartuko dituena.