Zerk bultzatu zaituzte bi hamarkadaren ondoren disko berria kaleratzera?
Orain dela hiru urte kontzertu batzuk emateko elkartu ginen, ilusioarekin eta, batez ere, herdoila kentzeko. Hamar kontzertu izan behar ziren, baina pandemiaren ondorioz hiru eman genituen. Oso harrera ona izan genuen. Gero, bakoitzak bere odisea edo miseria pertsonalak pasa zituen. Niri, adibidez, lepoko ebakuntza larria egin zidaten. Ondo atera zen, baina min neuropatikoa eratu zitzaidan besoan eta ez negoen ezertarako. Orain animoz hobeto nago, baina joan den urtea gogorra izan zen. Orduan, Nortonek, animatzeko edo, diskoa grabatzea proposatu zidan.
Eta baiezkoa eman zenion?
Nahiz eta sormenerako pattal egon, Nortonek lehenengo abestiaren doinua pasa zidanean, nagitasunez, baina heldu egin nion. Barealdia sentitu nuen, gertatzen ari zitzaidanaz berba egiten nuelako. Diskoan sentimendu unibertsalak jarri nahi izan ditugu, baina abiapuntu oso intimotik. Modu terapeutikoan edo, beste kantuak konposatzen hasi nintzen Nortonekin eta disko hau “behin betiko diskoa” izan zitekeela pentsatu nuen. Ez azkena, baina bai herentzia moduan lagatzeko diskoa. Loreleik eman didana eta niretzat duen esanahia islatu nahi izan dut bertan.
Nolakoa izan da grabaketa?
Iazko abenduan eta urtarrilean grabatu genuen diskoa, eta orain arte sekretuan eduki dugu. Ia urtebete egon da izozkailuan, minak noiz baretuko eta noiz indarberrituko zain, irailean argitaratu arte. Prozesu lasaia izan da. Sasoi hauetan diskoek beste toki bat hartu dute eta Elkar argitaletxekoek esaten ziguten zaharrak garela eta presarik ez dugula. Beraz, lasai hartu dugu, beste arlo batzuetan indarra jarri (diskoaren azalean, adibidez) eta artefaktuaz gehiago gozatu dugu.
Aita izan zara berriki. Horrekin zerikusia du ‘Ekografiak’ izenburuak?
Horrekin lotuta dago, baina era berean ez. Azken urteetan proba mordoa egin dizkidate eta ekografiei sasoi batetako tarot irakurleen zentzua hartu diet. Ekografiek oihuak jaurtitzen dituzte eta horren erantzuna jasotzen dute. Kontzeptu horretan sakondu nahi izan dugu. Izan ere, adin honetan gure gorputzen mugimenduak neurtzen ditu eta, bestetik, iraganean botatako oihuak gaur egun nola jasotzen ditugun adierazten ditu. Orain garenak gara, iraganean halakoak izan ginelako.
Letretara joz, zertaz jardun duzu?
Ikuspuntu pertsonalak azaltzen dira azalean eta letretan, baina nahiago dugu entzuleek berera egokitzea. Azken neurrian, ni guztiak dira ezberdin, berdinak direlako. Abestiek galderei buruz eta Eibarko haurtzaroaz berba egiten dute, besteak beste. Batez ere, nola ihes egin dezakegun zuri-beltzetik koloreetara. Hau da, guk aukeratu dezakegula ekografia margotzea.
Iraganean oihartzun indartsua laga zuen Loreleik, hainbeste urtetan isilik egon ondoren publikoak beso zabalik hartu zaituztelako. Nola bizi duzue hori?
Niretzat oso hunkigarria izan zen kontzertuak berriz ematea. Andoainen izan zen lehen kontzertua eta ez negoen urduri, shock egoeran baizik. Ez gatoz gazteei lekua kentzera, hori ez da gure helburua, ezta belaunaldi berriak konkistatzera ere, baina ikustea gure belaunaldiko jende hori kontzertuetara etorri zela, ez dakit gaztetzera edo nostalgia musukatzera-edo, izugarria izan zen.
Zuen musika ondo zahartu den seinale?
Orain dela 25 urte, guk ez dakit, baina Gaztelupeko Hotsakek asko arriskatu zuen. 90. hamarkadan ez zen ohikoa eta zailtasunak zeuden gure eskaintza jasotzeko. Hau da, poesia eta pop-rock musika eskaintzea, heavy eta punk eszena zegoenean. Sasoi horretan diskoen salmentek agintzen zuten eta,