Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak azaldu duenez, 57. Durangoko Azokan euskal kulturaren "eztanda" biziko da: "Sorkuntzaren eta jaiaren eztanda izango da; Durango osotik eta Euskal Herri osorako zabalduko den eztanda. Bost egunez iraungo duen eztanda".
Ideia horri tiraka sortu du, hain justu, Ruben Ramos diseinatzaileak aurtengo azokarako kartela. “Ilustrazioak unibertsoaren eta Big Bangaren hedapenera eramaten gaitu. Inklusibitatearen baitan, pertsona ezberdinen (ez emakume, ez gizon) ideiak, ilusioak eta norberaren imajinazio koloreduna irudikatu dut. Kulturak berak, bai literaturak, bai musikak, beste leku batera eramaten gaituen isla".
Kartela ez ezik, DA! irudi korporatiboarekin batera zabalduko den ikono berri bat ere sortu du egileak aurtengo ediziorako: “Izar moduko ikono bat da, eztanda irudikatzen duena”.
Ohiko guneak
Ikasle Goizarekin emango diote hasiera egitarauari hilaren 7an. Bertaratuko diren milaka ikasleek hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute –komikiak sortzeko tailerrean edo PortaDa! erronkan, esaterako–. Eta, lehen aldiz, hezitzaileek tailerrak jasoko dituzte –hezkuntzarako baliabide digital libreei buruzko saioan eta euskal kulturaren transmisioaren gaineko solasaldian–.
Horrez gain, bost eguneko kultura programazioa izango da bertaratzen direnentzat, hainbat gunetan banatuta: Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Szenatokia. Askotariko hitzorduak egongo dira bertan aukeran, beste behin ere.
Ahotseneako eszenatokian, adibidez, 47 talde arituko dira eta, azken urteetan bezalaxe, zuzeneko emanaldiak Plateruenan izango dira. Sarrera doakoa izango da eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. “Ahotsenea sortzaileen topalekuak 15 urte beteko ditu aurten eta ospakizun berezi honetarako bost eguneko musika-maratoia antolatu dugu”, nabarmendu dute guneko arduradunek.
Online denda
Landako guneko aurrez aurreko erakusmahaiez gain, aurten ere erosketak etxetik egiteko aukera egongo da bihartik abenduaren 10era. Denda digitalean –durangokoazoka.eus atarian– azokako nobedade guztiak egongo dira eskuragarri. Eta behin azoka amaituta, abenduaren 11tik aurrera, Zu non, han Da! egitasmoaren bitartez, Euskal Herriko hamaika dendatan Durangon aurkeztuko diren nobedadeak erosteko aukera egongo da, hirugarren urtez. Horrez gain, liburu aurkezpenak ere antolatuko dira hainbat saltokitan.