Gaur egun, nahi gabeko bakardadea askoren errealitate mingarria da, ezta?
EAEko 55 urtetik gorako bizilagunen bakardade egoeraren gaineko azken azterketako datuen arabera, %7,5ak bakardade publikoko egoera bizi du. Bakardade publikoa da norberak aitortzen duenean beti edo ia beti bakarrik sentitzen dela. Eta %24,7a, berriz, bakardade pribatuko egoeran bizi da. Bakardade pribatua da, zenbait galdera eginez, pertsona batek nahi gabeko bakardade egoera bizi duela detektatzen denean. Beraz bai, datuak altuak dira, 55 urtetik gorakoen artean, laurden bat baino gehiago bakarrik sentitzen da.
Zergatik guztiek ez dute aitortzen bakardade egoera hori?
Nahi gabeko bakardadea gai oso tabua da, horregatik diogu errealitate ikusezina dela.
Gai oso tabua da?
Askorentzat estigma bat. Askok uste dute bakarrik sentitzea euren errua dela, porrot pertsonal modura sentitzen dute eta lotsa sentitzen dute hori adierazteko. Horregatik dira horren garrantzitsuak Itxaropenakoa moduko sentsibilizazio tailerrak. Gaiari buruz ez bada hitz egiten tabua izaten segituko du, eta, aldiz, nahi gabeko bakardadea oso sentimendu naturala da.
Naturala da?
Bai, erabat. Guztiok sentitu gara, sentitzen gara edo sentituko gara bakarrik noizbait. Inor ez dago horretaz salbu. Adinarekin handitu egiten da, baina lehenago ere ematen da bakardadea. Nahi gabeko bakardadea ez da porrot pertsonala, porrot soziala da. Begira zelako gizartea sortu dugun, zelakoak diren gu bizi garen komunitatearen ezaugarriak.
Baina era berean, ikusezina da…
Bai, ez dauka sintomarik. Pertsona bat ikustearekin ezin da jakin bakarrik sentitzen den ala ez. Baina oso ondorio kaltegarriak ditu. Pertsonaren ongizatean eragiten du, sistema immunologikoan, pertsonaren autonomian, okerrago egiten da lo, zerbitzu medikuak gehiago erabiltzen dira… kostu sozial eta ekonomiko handiak ditu.
Zerk eragiten du nahi gabeko bakardadea?
Batetik, kanpo faktoreak daude: osasun, mugikortasun, irisgarritasun… arazoak. Ez da gauza bera herri erdian bizitzea edo baserrian, etxean igogailua izatea edo ez izatea… Bestetik, barne faktoreak daude: harremanak ulertzeko modua, gure jarrera, izaera… Nahi gabeko bakardadearen sentimendua sortzen da pertsona bat ez dagoenean gustura dituen harremanekin, kantitatez gutxiegi direla uste duelako zein kalitate baxukoak direla sentitzen duelako.
Ez da gauza bera bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea.
Bakarrik egotea ez da arazo, atsegina ere bada askotan. Baina bakarrik sentitzea desatsegina da eta asko horrela sentitzen dira, nahiz eta pertsonez inguratuta egon.
Baina posible da bakardadeari aurre egitea…
Noski. Lehen pausoa da gizartea sentsibilizatzea egoera horretaz, tabua izateari lagatzeko. Bigarren pausoa da prebentzioa; norbere arrisku faktoreak ezagututa egin beharrekoa, eta hirugarren pausoa da komunitate bezala egin daitezkeen ekintza komunitarioak.
Zer dago, adibidez, norberaren esku?
Jarrera aktiboa izatea, harremanak zaintzea, edo, adibidez, norbaitek deitzeko zain egon barik, norberak ematea pauso hori. Pertsona abegikorrak izan behar gara, laguntza behar duenari laguntzeko prest egon. Bestalde, adinean aurrera egin ahala, oso garrantzitsua da harreman berriak egiteko jarrera aktiboa izatea, zeren harreman asko galdu egiten dira adinarekin. Bakardadeari aurre egiteko ahalegina egin behar da, etxean geratu barik.