'Intentsitatearen isiluneak', Juan Fernandezen lehen argazki erakusketa, Gaztelupen

Ubane Madera Zangitu 2022ko abe. 4a, 13:30

Juan Fernandez argazkilari soraluzetarrak bere lehen argazki-erakusketa ipini du, Gaztelupe tabernan, Intentsitatearen isiluneak izenburuarekin. 15 argazkiz osatuta dago, guztiak musikarienak edo musikarekin lotutakoak, Fernandezek azken urteotan ateratako argazkien artean aukeratuta. Argazkilariak esan du “ilusioarekin” prestatu duela erakusketa eta “emaitzarekin oso gustura” geratu direla.

Gaztelupeko Gaizka Azkaratek proposatuta animatu zen Juan Fernandez bere lehen argazki erakusketa egitera, Gaztelupen. Tabernaren nortasuna kontuan hartuta, musikarekin lotutako argazkiekin osatutakoa behar zuen izan eta hori oinarri, Fernandezek azken urteotan zuzenekoetan eta bestela atera dituen argazkien artean egin du aukeraketa erakusketa osatzeko.

Musikaren beste "perspektiba" bat

Barikuaz geroztik, 15 argazki ikusgai dira Gaztelupe tabernako bi solairuetan banatuta. “Emaitzarekin gustura geratu naiz eta Gaztelupekoak ere bai. Ilusioarekin nago. Azken batean, neuk ere musikarekin esperientzia handia izan dut azken urteotan; orain beste perspektiba batetik begiratu diot musikari eta emaitza argazki horiek dira”, esplikatu du egileak.

"Intentsitatearen istant" hori

Intentsitatearen isiluneak izenburua jarri dio erakusketari. Izan ere, Juan Fernandezentzat, musikaren zuzenekoak beti dira oso intentsuak eta horrekin metafora egin nahi izan du, gaineratuta, musikan isiluneek ere berezkoa duten garrantzia. Biak batuta, Fernandezek, argazki-kamerarekin klik egiten duenean, isilunea sortzen da argazkilariaren buruan, “intentsitate horren istant bat, isilune bat”.