Udaltzainburuak jakinarazi duenez, "iluntzeko zortzi terdiak aldera, Etxaburueta kalean bi leherketa entzun dira eta zenbait herritarrek su txinpartak ateratzen ikusi dituzte Bolia tabernaren eraikinaren teilatuko tximiniatik eta uralita zatiak erortzen ere bai kalera, tenperatura altuan zutenak". Lekukoek, berehala, suhiltzaileei deitu diete eta hauek bi kamioietan iritsi orduko, eskailera igokarietan gora teilaturaino igo eta ura bota dute tximiniatik barrena.
Udaltzaingoak azaldu du zer gertatu den: "Etxaburueta kaleko lehen atariko etxe batean etxeko sua piztu dute eta tximiniak kea bideratzen ez duela eta hauspotu egin dute sua. Itzura batean tximinia trabatuta zegoen eta pilatu den beroaren ondorioz pare bat leherketa gertatu dira. Badirudi ez dela iritsi sua hartzera baina su txinpartak atera dira eta sua hartzeko arriskua bistakoa izan da. Gainera, etxea egurrezkoa da eta suerte handia izan da surik ez piztea".
Gertaerak ikusmin handia piztu du ordu horretan poteatzen ziharduen herritarren artean eta inguruan jende asko egon da suhiltzaileek tximiniatik ura zela botatzen zuten begira.
Bederatzi terdietarako itzali dute sua eta dagoeneko suhiltzaileek alde egin dute.