Gaztelupe taberna zabalduko dute barikuan

Egoitz Unamuno 2022ko aza. 30a, 09:32

Gaztelupe taberna. (Artxiboko irudia)

Etzi, barikua, zabalduko dute Gaztelupe Taberna eta urtarrilaren 8ra arte irekita izango da barikutik domekara, gaueko 23:00ak arte. Edariak eta pintxoak eskainiko dituzte eta tartean kultur emanaldiren bat antolatu ere bai. Lehena, datorren domeka eguerdian: Morauk eta Beñardok Ardo disko-liburua aurkeztuko dute, musika eta ardo dastaketa uztartzen dituen emanaldian. Ubane Uzinek Plaentxia.eus-i jakinarazi dionez, etorkizunean asmoa dute taberna "tarteka" zabaltzeko, aldian-aldian, asteburu batzuetan. 

Bueltan da Gaztelupe Taberna eta behar bezala ospatzeko, domekan aspaldiko ezagunak diren bi musikari ezagun gonbidatu dituzte: Andoni Tolosa Morau eta Beñardo Goienetxe. Ardo disko-liburua aurkeztuko dute, Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariarekin batera ondu duten lana. Poesia, musika eta ilustrazioa batzen ditu eta "ardofaktu" moduan izendatu dute. "Izena Ardo bada ere, gaia ez da ardoa. Gu ardozaleak gara, baina Ardo ez da ardoaren apologia bat. Ardo-rekin ari gara ardoa egiten dutenez, bizi dutenez, ardoaz bizi direnez... Pertsonei buruz ari gara", dio Morau-k.

Zer plan hoberik, domeka eguerdian bi musikarion umoreaz, samurtasunaz eta folk-pop musikaz gozatzea baino? Emanaldia 13:00etan hasiko da.