2023ko aurrekontuen lege-proiektuaren arabera, kotizaziopeko pentsioak, gutxieneko pentsioa barne, % 8,5 inguru igoko dira, eta, kotizaziopekoak ez diren pentsioetan % 15eko igoerari eutsiko zaio.
Igoera hori modu positiboan baloratu zuen pentsiodunen mugimenduak asteleheneko elkarretaratzean, baina horrekin batera, azpimarratu zuen “oso urrun” dagoela eskatzen duten 1.080 euroko gutxieneko pentsioarekiko eta “gutxieneko pentsioak hobetzea proposatzen duen 2020ko Toledoko Itunaren 5. gomendioa” ez duela kontuan hartzen.
Bestalde, gogora ekarri zuten gaur egun bizi dugun inflazioa “pentsiodun guztien poltsikoak zulatzen” ari dela “batez ere zenbateko txikiagoko ordainsariak jasotzen dituztenena”, baina guztiena, orokorrean, “erosketa-saskiaren garestitzea askoz ere proportzio handiagoan” hazten delako.
Edozelan ere, astelehenero eta bestelakoan egin izan dituzten mobilizazioak balioetsi dituzte esanez, ziur daudela, “pentsioen narriadura ekidin duela”. Hori horrela, mobilizazioei eutsi beharra dagoela uste dute, “bizi-baldintza eta pentsio duinak lortzeko”.
Dagoeneko 58 hilabete pasatu dira pentsio publiko duinen aldeko mobilizazioak hasi zirenetik.