Urteko azken odol ateratzea motel joan zen hasieran. 19:00ak alderako, bakarrik 16 bat soraluzetar pasa ziren bertatik eta arduratuta zeuden Soraluzeko Odol Emaileen Elkartekoak. Baina azken momentuan, beste horrenbeste lagun joan zen Itxaropena elkartera eta azkenean, 26 odol-poltsa lortu zituzten odol bankukoek. Hori ere ez da asko, baina esperotakoa baino zerbait gehiago bai.
Gainera, datu positiboa ere eman zuen barikuko hitzorduak, izan ere, Soraluzen errefuxiatuta bizi diren Darina Fikelmon eta Anna Kobalenko ukrainar gazteak ere joan ziren odola ematera.
Barikukoarekin, amaitu dira 2022ko odol ateratzeak. Hurrengo hitzordua urtarrilean izango da. 2023ko odol ateratzeen egutegia egiten dutenean jakinaraziko dute egun zehatza.