14 urte zenituenetik Soraluzetik kanpo bizi arren, jatetxeari Soraluze izena ipini zenion…
Beti etorri izan naiz hona, urtean behin gutxienez. Lagunak, familia, herria eta inguruak bisitatzera. Azken urteotan, adibidez, Aste Santuro gatoz, zeren hemen udan ez dago ezer. Xabier Iñurrietaren laguna naiz eta elkarrekin ibiltzen gara hemendik hara. Nik gustuko dut Soraluzera etortzea, baina ez denbora luzerako, aspertu egiten naiz. Ez nintzateke Soraluzera bizitzera etorriko, baina bisitatzera beti.
Zelako jatetxea da Soraluze?
Etxeko errezetak egiten dira, sukaldaritza mediterraneoan eta euskal sukaldaritzan oinarrituta. Bakailaoa pil-pilean, Tolosako babarrunak, porru-salda… horiek denak nik egiten ditut. Neu naiz sukaldaria, ahalegintzen naiz nire gustuko gauzak ipintzen eta horiek dira lapikoan egindakoak. Orain, Rosa boliviarra ere ari da sukaldean, nik erakutsi diot eta oso-oso langile fina da. Nire errezetak egiten ditut, batzuetan aldaketatxoak eginez, noski, baina begira, pil-pil saltsa dagoeneko berak egiten du. Nik nire amak etxean egiten zizkigun errezetak egiten ditut. Gisatu asko egiten dugu, karrillerak, zezen-buztana, arraina saltsan… fritangak, berriz, gutxi egiten ditut, ez zaizkit gustatzen. Egunero kozinatzen da menua osatzeko. Gauez, berriz, errazioak ematen ditugu.
Ama Soraluzekoa zenuen, ala?
Ez. Amak (Araceli) eta aitak (Antonio) Soraluzen ezagutu zuten elkar eta hemen ezkondu ziren. Baina ama Valladolidetik zetorren eta aita Arabatik. Porfiren ahizpa nagusia zen nire ama.
Soraluzeko argazkia ere baduzu jatetxean.
Bai; esaten dut nire etxetik ateratakoa dela, baina izebaren etxetik ateratakoa da. Ni Errekalden jaio nintzen, dagoeneko etxe hura ez da existitzen. Jatetxean dudan argazkia ikusita, berriz, jendeak dio oso-oso polita dela. Eta ni harro. Plazentziak zatar fama du, baina ez da horrela, are gutxiago herria inguratzen duten mendiak kontuan hartuta. Nik urtero izaten dut Kontrargiren egutegia eta han ere irudi benetan politak ikusten dira.
Soraluzetarrak joaten zaizkizu Soraluze jatetxera?
Mordoxka bat etortzen ziren, orain ez horrenbeste, ez dakit zergatik. Lehen baziren batzuk beti zetozenak baba-jana egitera, baina pandemiaz geroztik asko jaitsi da hori. Dena den, Madrilen bizi diren soraluzetarrek ezagutzen zuten jatetxea eta Soraluzetik Madrilera joan izan diren batzuk ere etorri dira jatetxera. Ricardo Quintana, adibidez, Puerta de Hierro eta Gregorio Marañón ospitaleen kudeatzailea izan da eta hura orain dela gutxi etorri zen jatetxera familia guztiarekin; pandemian, berriz, etxera eramaten nien bazkaria. Bera soraluzetarra da eta emaztea Elgoibarkoa.
Osterantzean, zelako bezeroak dira madrildarrak?
Hona denetik dator, familia asko eta etxeko jatorduak gustuko dituztenak etortzen dira. Madrilen ez daude leku asko etxeko janaria eskaintzen dutenak eta daudenak nahiko garestiak dira. Soraluze jatetxean, eguneko menua 13,50 eurokoa da eta asteburuetakoa 17,50 eurokoa.
Galdetzen dizue jatetxearen izenaz?
Bai, esaten diet nire herria dela eta Gipuzkoan dagoela, zeren hemendik kanpo asko nahasten dituzte Gipuzkoa, Nafarroa…
Soraluze zure jaioterria izan arren, Madrilen gustura zaude.
Madrilen ditut lau semeetako bi; beste bat Londresen bizi da eta beste alaba bat Zaragozan. Bestalde, Madrilen denetik dago eta oso gustuko dut. Dena den, hemengo mendi-gainetik edo bestelako mendietan ibilaldiak gustura egingo nituzke. Leku batzuetan gauza batzuk daude eta bestean beste batzuk.