Biharko kontzertuan, musika mota denetarikoa izango da Gaztetxean, bertsioak zein kanta originalak ere bai eta taldeak ere denetik, talde badirenak, propio sortutakoak… Izenak, berriz, honakoak: Okil beltza, Añubeko troba, Domentx eta Lorea, Txetxera akustikoa, Konbo Itxaropena, Nakrotikos, Estrolaña, Kurraya, Muzak, Stolichnaya, Polo Opuesto, Objetivo Rap, Deskonozido and Nico eta APA, I+D, Ruda eta Sergio.
Biharko kontzertua, besteak beste, Soraluzen dagoen kultura musikala ezagutzera emateko ekimena da, baita herriko musikariak eta musikazaleak erakartzeko eta saretzeko ere.
Sarrera doan izango da eta barra zabalik. Horrez aparte, SOMEn (Soraluzeko Musikarien Elkartean) izena emateko aukera izango da.
Soraluzeko Musikarien Elkartea
Hain justu, musikari eta musikazale talde esanguratsu bat elkartu eta SOME, Soraluzeko Musikarien Elkartea eratzeko pausoak ematen ari da. 40 bat lagun daude mugimendu horren atzean eta lau helburu dituzte.
Batetik, "argi" ikusten dute azken urteotan Soraluzen gainbehera musikala dagoela eta horri buelta eman nahi diote. "Lehen musika talde mordoa zegoen, bestelako ekimenak ere bai: Errekazulo… Orain ez. Herrian musika dekadentzia dago. Herriko mugimendu musikala berpiztu nahi dugu", esplikatu dute SOMEko ordezkariek.
Lokal duinak
Bestetik, entseatzeko eta musika sortzeko lokalak nahi dituzte. "Konfinamendua baino lehen, musika lokalak itxi egin ziren. Eta itxi aurretik ere, askok ez zituzten lokal haiek erabiltzen, ez ziren zaindu ezta mantenu eta hobetu ere, pentsa, lizuna ere egoten zen, beldurra ematen zuten…. Lokal duinak nahiko genituzke herrian, jendeak musika sortzeko. Bateria bat, gitarra elektriko bat… ezin dituzu etxean jo. Auzokideekin elkarbizitza ere zaindu nahi dugu. Beraz, lokalak ganoraz intsonorizatuta egon beharko lirateke, aseguruarekin, musika materialak diru asko balio baitu, eta lokalak erabat irisgarriak beharko lirateke. Bestalde, lokaletan parte hartzen dugunok zibismoa zaindu beharko dugu, konpromisoa hartu, urteetan gauzak zaindu eta mantendu, bai guretzat eta baita atzetik datozenek ere eredua izan dezaten lokalak mantentzeko. Inguruan adibide asko daude: Eibarko Legarreko lokalak; Elgoibarren Udalak kudeatzen dituen lokalak, Bergaran Goiko Estazioko lokalak… Ez dago ezer asmatzen ibili beharrik".
Musikariak saretu eta kultura musikala ezagutarazi
Halaber, SOMEren bultzatzaileek azpimarratu dute, gaur egun, herriko gazteak ez dabiltzala musikan, "akaso ez dutelako lokalik izan, eta, musika non sortu edo non entseatu ez badute, zaila da musikan ibiltzea. Ez dute musika egiteko espazio publikorik ezagutu. Besteak beste, musika lokaletan saretzen dira musikariak". Hain justu, hori da SOMEren bitartez lortu nahi duten hirugarren helburua: Soraluzeko musikariak elkar ezagutu eta saretzea. "SOME zabalik dago guztiendako, gazteak, nagusiak, helduak… eta musika mota guztiarendako".
Azkenik, laugarren helburu modura, Soraluzeko kultura musikala ezagutzera eman nahi dute. "Herriari eman".
Azken helburu horrekin lotuta egingo dute biharko kontzertua.