Gaur, gauerdira arte ibiliko dira lanean Kalebarrenen

Ubane Madera Zangitu 2022ko aza. 25a, 09:43

Gaur, barikua, ohi baino luzaroago jardungo dute lanean Kalebarren 8an lokala egokitzeko, Udaletik esandakoaren arabera, gauerdira arte. Lanek eragingo dituzten zaratak direla-eta, eragozpenengatik barkamenak eskatu ditu Udalak baina gaineratu du nahita nahiez egin beharreko lanak direla.

Hain justu, gaur, hormigoia bota behar dute lokalak duen bi solairuetan. Ondoren, luzitu egin beharra dute.

Irailean hasi zituzten Kalebarren 8ko lanak egokitzeko obrak, herriko enplegu eta gizarteratzeko zentro berria egiteko.

Lokalak bi solairu ditu, kale-mailan dagoenak 120 metro koadro ditu eta sotoak 70 metro koadro. Behin obrak eginda, honako banaketa izango du lokalak: 7,32 m2-ko ataripea, 10,91 m2-ko talde-arretako gela, 9,48 m2-ko banakako arretarako gela, 16,24 m2-ko beste talde-arretako gela bat eta 50 m2-ko erabilera anitzeko formazio gela bat. Beheko solairua eta sotoa bat egingo dituen barne eskailera eraikiko da eta irisgarritasun baldintzak bermatzeko igogailu bat. Sotoaren espazioaren banaketa ondorengoa izango da; 50 m2ko erabilera anitzeko formazio gela bat eta erabiltzaileei zerbitzua emango dien bi komun.

Lanen aurrekontua da 359.586,23 (BEZ-a aparte). Aurreikuspena da lau hilabetean bukatzea, beraz, 2023ko urtarrila edota otsaila hasieran bukatuko dituzte.