Babestutako edukia

Bisitari ugari izan zituen Eroskik irekiera egunean

Ubane Madera Zangitu 2022ko aza. 24a, 10:00

Atzo goizean, eguaztena, zabaldu zituen ateak Eroski supermerkatuak, Estaziñoan. Desgaitasuna duten pertsonek kudeatutako laugarren saltokia da Soraluzekoa, “Gureak eta Eroskiren arteko lankidetzaren emaitza”. 350 metro karratu pasa ditu eta 13 langile. Ateak zabaldu eta berehala bisitari mordoa izan ditu saltoki berriak. Aurrerantzean, astelehenetik zapatura izango da zabalik, 09:00etatik 21:00ak bitartean.

“Jende mordoa etorri zen, baina asko; jendeak esandakoaren arabera, Eroski zabaltzeko zain zeuden. Esaten zuten mesede handia egingo duela Soraluzen Eroski bat izateak, batik bat, orain arte, asteburuetan erosketa handia egitera kanpora joaten zirelako”. Horixe kontatu du Eroski supermerkatuko langileetako batek atzoko irekierari buruz. 

Atzo zabaldu zuten Eroskiren establezimenduak labea, prestatuko janaria eta enbasatutakoak ditu, haragia, arraina eta urdaitegia. 

Atzoko irekieran, gozokiak, globoak eta 25 eurotik gorako erosketa egin zutenei, karro-poltsak oparitu zizkieten, datozen egunotan ere oparitzen segituko dituzte halakoak. Bestalde, Eroskik gogora ekarri duenez, erosketak etxera eramateko zerbitzua ere eskainiko dute.

Soraluzeko Eroski Gureak taldeak kudeatuko du, frankizia modura. Eredu hori duen Euskal Herriko laugarren saltokia da hemengoa. 

Gureak taldetik azpimarratu dutenez, irekiera berri honi esker, Eroskiren supermerkatu inklusiboen sarea handitu egingo da, “desgaitasunen bat duten pertsonei laneratzeko aukera berriak eskaintzen diena”. 

Gureak taldean 5.800 lagun

Asier Vitoriak, Gureak-eko zuzendari nagusiak azpimarratu du “harro” dagoela lankidetza horrekin: “Gureak-ek Eroskiren esku jartzen du desgaitasuna duten pertsonen laneratzearen esparruan duen esperientzia, EROSKIk bere supermerkatu eredua jartzen du eta bien indarrak batuz, desgaitasuna duten pertsonentzat sortutako aukerak biderkatzea lortzen dugu”.. 

Emandako xehetasunen arabera, lantaldeak prestakuntza-plan zehatza jaso du Gureak eta Eroskiren eskutik, “langileen gaitasunei ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta zerbitzu profesionala bermatzeko”. 

Gureak desgaitasuna duten pertsonentzako lan-aukera egonkorrak eta egokituak sortzen eta kudeatzen dituen enpresa-taldea da. Gaur egun, 5.800 lagun inguruk osatzen dute berau eta %84ak desgaitasunen bat dute.

"Izaera kooperatiboko lehen banaketa-taldea"

Eroski, berriz, “izaera kooperatiboko lehen banaketa-taldea” da Espainian; Estatuko iparraldeko merkatuan %12tik gorako kuota du. 1.646 establezimenduko merkataritza-sarea dauka, supermerkatu, hipermerkatu, cash & carry eta online supermerkatuak zenbatuta, gasolindegiez, optikez eta kirol-ekipamenduko dendez gain. Halaber, 6 milioi bazkide bezero baino gehiago eta 33.000 bazkide kooperatibista, langile eta frankiziadun baino gehiago ditu.