Gaur, astelehena, txandaka ari dira bideratzen autoen zirkulazioa Estaziñoan. Baina asfaltatze-lanek aurrera egin ahala, erabat moztu beharko dute autoen joan-etorria herriaren goiko partean.
Lucio Ariznabarreta parean
Horren ondorioz, eguaztenean eta eguenean, Bergararako noranzkoan doazen autobusak herri sarreretan geratuko dira. Lehen geralekua Sagar Errekan izango dute; ondoren, saihesbidera irten eta handik segituko dute, Lucio Ariznabarreta lantegiaren pareraino. Han izango dute autobusek bigarren geralekua eta ez Sologoenen, joan den astean iragarri moduan. 07:50etik aurrera hasiko dira funtzionamendu horrekin.
Eibarrerako noranzkoko autobusak, berriz, Errekalden zein Zubi Nagusian geratuko dira, betiko moduan. Baina Eibartik, bueltan, gogoan izan Sagar Errekan edo Lucio Ariznabarretan jaitsi behar dela.
Ibilgailuen gainontzeko zirkulazioari dagokionez, berriz, Estaziñotik Errekaldeko zubirako noranzkoa zabalik izango da eta baita San Andres-Txurrukara igotzeko bidea ere, Etxaburuetatik.