Datorren astean zirkulazio aldaketak izango dira asfalto-lanak egin behar dituztelako

Ubane Madera Zangitu 2022ko aza. 18a, 17:08

Datorren astelehenean hasita, asfalto-lanak egin behar dituzte herriko hiru puntutan: Etxaburuetan, Estaziñoan eta Atxurin. Lanok egiteko, zirkulazioa txandaka bideratuko dute ahal duten guztietan, baina bi egunez eten ere egin beharko dute. Bestalde, Erregetxeko zein Erregetxetik Estaziñoko autobus geltokirainoko ibilgailu guztiak erretiratuta egon beharko dira astelehenerako.

Astelehenean, Estaziñoan hasiko dira asfalto-lanak egiten. Estaziñoko geralekua baino aurreragotik, Etxaburuetako bidegurutzeraino. Lehenengo fresatu egingo dute, hau da, asfalto zaharra kendu. Hori egiten duten bitartean, errei bat zabalik izango da eta zirkulazioa txandaka bideratuko dute; horri esker, astelehenean, autobusen geltokietan, adibidez, ez da aldaketarik izango.

Arratsaldetik, Etxaburueta itxita

Astelehen arratsaldean, berriz, Etxaburueta kalean hasiko dira lanean, Estaziñoko bidegurutzetik hasi eta Erregetxerainoko errepide tarte osoan. Hor ere, fresatu egingo dute lehenengo, beraz, zirkulazioa eten egingo da. Astelehenean eta martitzenean, bietan egongo da Etxaburueta kalea itxita. Izan ere, behin fresatze-lanak amaituta, asfalto lanak egiten hasiko dira.

Autobusak herri sarreretan

Ondoren, eguaztenean eta eguenean, Loralde eta Estaziño 2 arteko zatia asfaltatuko dute eta horren eraginez, bi egunotan errepide hura itxita izango da. Beraz, autobusak herriaren irteeretan hartu beharko dira, Sagar Errekan eta Sologoenen. Ibilgailuen gainontzeko zirkulazioari dagokionez, berriz, Errekaldeko zubirako noranzkoa zabalik izango da eta baita San Andres-Txurrukara igotzeko bidea ere, Etxaburuetatik.

Atxuri eta Irure

Azkenik, Estaziño-Etxaburuetako lanak amaitzean, Atxuriko bidegurutzea asfaltatuko dute, hau da, egoitzara igotzeko bidegurutzea. Kasu horretan, aurreikuspena da goizez fresatzea eta arratsaldez asfaltatzea. Eta asfaltatzea tokatzen denean, errepide zati hartan ere eten egingo dute ibilgailuen zirkulazioa.

Edozelan ere, Etxaburueta-Estaziñoko asfalto lanen garapenaren arabera egingo dituzte Atxuriko lanak. Bestela esanda, datorren astean esango dute seguru Atxuriko bidegurutzea zein egunetan asfaltatuko duten. Hori bai, aurreikuspena da astea amaitu baino lehen egitea.

Herriko asfaltatze lanekin batera, Irure auzoan ere jardungo dute. Kasu horretan, Iraolabeitia baserritik aurrera, errepidean okerren dauden zatiak asfaltatuko dituzte. 

Asfalto lan horiek guztiak Firmes Alaveses enpresak egingo ditu, 116.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Aurrerago, berriz, beste asfalto lan txiki batzuk egingo dituzte herrian, baina horiek oraindik zehaztu barik daude.