“Hiru sarrailak errebentatuta zeuden, eta, ez da batere erraza hori”, azpimarratu du, besteak beste, Itziar Agirrek, Iratxo goxo-dendako ugazabak bart gaueko gertaeren kontakizuna egitean. Agirrek kontatu duenez, sarrailetako batek alderik alde burdinazko barrak zituen eta hura ere errebentatu dute, eta, beste bi sarrailak, berriz, segurtasun altukoak ziren, baina haiek ere apurtu dituzte saltokira sartzeko. “Denbora luzean egon behar izan dira hori egiten eta erremintak ere ekarri behar izan dituzte”, dio.
Hirugarren saiakera eta bigarren aldia
Lapurrak Iratxora sartzen diren bigarren aldia eta hirugarren lapurreta saiakera izan da oraingo hau. Sartzea lortu zuten lehen aldian, saltokiko kaxan zuten dirua lapurtu zuten. Oraingoan, hori ez dute lortu, dagoeneko kaxan ez baitute dirurik lagatzen. Baina argi dago horren bila ibili direla lapurrak, ze gaur goizean Iratxoko langilea saltokira sartu denean, tiradera guztiak zabalik aurkitu ditu eta hainbat gauza lurrean botata.
Gertatutakoa ikustean, berehala abisatu diote Ertzaintzari eta polizia bertan izan da. Salaketa ere jarri dute. Dena den, Iratxokoek oraindik ez dakite seguru lapurrek beste zerbait eramaterik lortu ote duten, inbentarioa egiten ari baitira.