Egunotan, Soraluzeko Eroski Citya kudeatuko duen Gureak Taldeko langileak buru-belarri ari dira Soraluzek izango duen lehen Eroskiren apalak hornitzen eta guztia antolatzen, datorren eguaztenean saltokia zabaldu ahal izateko.
Dendari berari dagokionez, berriz, 350 metro karratuko saltokia egokitu dute Estaziñoan, lehenago garajeak zeuden lekuan, eta, apalez bete dute ia guztia, enbasatutakoak (haragia, txarkuteria eta arraina barne), ontziratutakoak, garbiketarako produktuak eta drogeria produktuak ipintzeko.
Horrekin batera, elikagai freskoen gunea ere izango du Eroski Cityak (barazkiak eta frutak), eta, baita laba propioa ere, bertan ogia, opilak eta beste egiteko.
Saltokiaren sarrerako atean, dagoeneko iragarri dute azaroaren 23an zabalduko dutela eta ondoren, astelehenetik zapatura izango dela zabalik saltokia, 09:00etatik 21:00ak arte, eten bako ordutegian.