Pentsiodunen mugimenduek, sindikatuek eta eragileek manifestazio bateratuak egingo dituzte

Ubane Madera Zangitu 2022ko aza. 16a, 10:47

Datorren zapatuan, azaroaren 19an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek eta beste hainbat eragilek mobilizazio bateratuak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Gaur egungo gizartean gertatzen ari den “pobretzearen eta bizitzaren garestitze prozesuaren aurka” eta pentsio duinen alde egingo dute protesta. Zapatuko manifestazioen garrantzia azpimarratu dute deitzaileek, gogora ekarriz Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak datorren urteko aurrekontuak erabakiko dituztela datozen asteotan.

Pentsioen aldeko asteleheneko elkarretaratzean, zapatuan egongo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin zuten. Batetik, mobilizazioen garrantzia azpimarratu zuten: “Manifestazio horrek ez du izan behar beste bat gehiago, Gutxieneko Pentsioa osa dezaten urrats garrantzitsua baizik: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan eta KPI errealaren araberako igoerarekin, hots, erosteko ahalmena berreskuratuta”.

Ildo beretik, azpimarratu zuten soldaten erosteko ahalmena berreskuratzea ere aldarrikatuko dutela eta baita ere “zerbitzu publiko kalitatezkoak eta unibertsalak”.  

Manifestazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira: Gasteizen, 12:30ean eta Donostian, Bilbon eta Iruñean, 17:30ean. 

Bestetik, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete pentsiodunei ez ezik, langileei, emakumeei eta gizonei, gazteei eta baita ikasleei ere. 

Deitzaileak, berriz, ugariak dira:

  • Euskal Herriko Pentsioen Mugimendua.
  • Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta.
  • ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, ETXALDE, CGT eta CNT sindikatuak.
  • Ernai, IKAMA, IS Ikasle Sindikatua.