10:00etan zabaldu dute azoka, ohi baino saltoki gutxiagorekin; barazkigile bi izan dira bakarrik, Lezarri eta Arizaga; gaztangile bat, Nagore Egotza, eta otargilea eta talogileak faltan, besteak beste. Artisauek orekatu dute apur bat kopurua, hiru artisau berri izan baitira beteranoen artean.
Animaliei dagokienez, berriz, azken urteotan moduan, behiak izan dira nagusi, Osuma-Gain, Itxasoi, Obe, Ezozi, Iraola Etxeberri, Barrenetxe, Iraolabeitia, Belarreta eta Mendizabal baserrietakoak, aurten, Leire Elizbururen idiek ere lagunduta. Haien ondoan astoak, ardiak eta indioilarrak izan dira, umeen gustagarri, batik bat.
Eguerdirako bete-beteta
Azoka zabaldu eta poliki-poliki joan dira herritarrak gerturatzen. Hori bai, eguerdirako beteta zegoen. Jendea ikusten, probatzen eta erosten, denetik egiten. 12:00etatik 14:00ak arteko tartean giro aparta izan da bertan. Arrate Irratiko lagunak ere izan dira, urtero moduan, zuzenekoa bertatik egiten.
Eguerdiko dantza saioaren ondoren, aurtengo sariak banatu dituzte eta Arizaga eta Lezarri, biak ala biak izan dira saridun. Ondoren, baserritar nagusiei omenaldia egin diete. Hantxe izan da familiaz inguratuta Kiruetako Frantzisko Elizburu Gorrotxategi; Muneta baserriko Magdalena Zubizarreta Albisu eta Osumazpi baserriko Elena Agirregomezkorta, berriz, ezin izan dira izan.
Bertsolariek borobildu dute eguerdiko saioa eta segidan, aurtengo azokari azken buelta egiteko aprobetxatu dute askok, kuadrillarekin elkartu eta baba-janera joan aurretik.