Bada Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Burgos eta Nafarroa zeharkatzen dituen GR bat, 282.a, Artzaintzaren Naturbidea izena duena eta hain zuzen ibilbide horretan zehar egindako 492 kilometroko bidea da Aitor Intxaurraga zeaniztarrak grabatu eta dokumental bihurtu duena. "Bidean grabatutako irudiak, paisaia ederrak, ikusitakoak, artzainengandik entzundakoak, ikasitakoak eta neure sakoneko hausnarketak dira bideo muntaia honen ardatzak. Zortzi parke natural zeharkatu genituen eta iraganak keinu egin zigun sarritan" kontatu du Aitor Intxaurragak.
Dokumentalak 50 minutuko iraupena du eta proiekzioaren ostean, egilearekin solasaldia egingo dute.
Emanaldi hau jatorriz zeaniztarra den plazentziatar batek antolatu du, Soraluzeko Udalaren eta Debemenen laguntzaz.