Gaur zortzi egingo da XXVI. Gaztañerre azoka

Ander Gomez Lemos 2022ko aza. 5a, 10:00

Azoka 2018an.

Datorren zapatuan, baserritar zein artisauen barazkiak, gaztak, animaliak, eskulanak, arropa... izango dira eskuragarri Erregetxen. Postuez gain, San Andres auzokoek txerri saiheski pintxoak saldu eta sagardo lehiaketa egingo dute; eta eguerdiko 12:30etik aurrera, dantza emanaldia, bertso saioa eta omenaldiak egingo dira azoka gunean bertan.

 

Azaroaren 12an ospatuko da aurtengo azoka, eta goizeko 10:00etatik 14:00ak arte bisitatu ahalko da.

Barazkigintzak behera, artisautzak gora

Aurten, hiru postuk izango dute Soraluzeko baserrietan ekoiztutako barazki, fruta, gazta, ogi edo bestelakorik. Lezarri eta Arizaga baserriak, ortutik ateratako produktuak ekarriko dituzten bakarrak dira; eta Egotza baserriko Nagore Martinek, ahuntz gazta izango du salgai.

Artisautza-sailari dagokionez, izen-emateak gora egin du eta zumitza, larrua, egurra, oihala eta abarrekin sortutako eskulanak ikusi eta eskuratu ahalko dira.
Orain arte izena eman duten artisauen artean Edurne Garate, Amaia Amor, Nuria Muro, Kristina Albisua, Saadia Nasir, Antxon Fresnedo, Lorea Calles, Idoia Katxo, Jon Mendikute, Mayara Zarobe eta Andoni Gonzalezekin batera datorren Elsa Corvo ditugu.
Juan Kruz Arizagaren kasuan, antzinako aroztegiko tresnen erakusketa bat egingo du.

Idiak bueltan

Soraluzeko baserrietan hazitako ganadua ere ikusgai izango da oraingo honetan: behia (Pirenaika, Limusina, Suiza, Hereford, Salers, Asturiarra), astoa, ardia, zaldia... eta baita —iaz huts egin baina aurten egongo den— idia ere.

Abereak Osuma-Gain, Itxasoi, Obe, Ezozi, Iraola Etxeberri, Barrenetxe, Iraolabeitia, Belarreta eta Mendizabal baserrietatik ekarriko dituzte.


Leire Elizburu idiekin, 2018. urteko azokan

Nagusienei gorazarre

Urtero bezala, Soraluzeko aiton-amona nagusienek baserrian egindako lanarengatik errekonozimendua jasoko dute. Aurtengo omenduak Magdalena Zubizarreta Albisu (1937), Muneta baserrikoa, eta Frantzisko Elizburu Gorrotxategi (1936), Kiruetakoa, izango dira.


Frantzisko Elizburu, Kirueta baserriko atarian

Ohiko prozedura edizio bakoitzeko baserritar bi omentzea bada ere, aurten, salbuespenez, beste omendu bat egongo da: urte luzez merkatu plazan barazki-salmentan jardun ondoren erretiroa hartuko duen Osumazpi baserriko Elena Agirregomezkorta, hain zuzen.

Azoka ostekoak

Herri-bazkarirako txartela jada erosi duten herritarrek (salgai jarri eta hiru egunetara agortu baitziren) urteroko baba-jana izango dute 15:00etan Plaza Zaharreko karpan; eta bertan, 19:00etatik aurrera, Bide Batez erromeria taldeak girotuko du iluntzea.
Baserritarrek gainerako parte-hartzaileekin egin ohi duten bazkaria, ordea, astebete atzeratuko da aurten ere: azaroaren 19an ospatuko da, Batzoki Jatetxean. 

Amaitzeko, beste erromeria bat hasiko da gaztetxean 23:00ak aldera. Taula gainean —azoka egunaren bukaerak eskatzen duen mailan jardutearen arduradun— herriko festen ezinbesteko bihurtu diren Fan&Go taldeko lagunak izango ditugu, nortzuk bestela?