0 KM KOMERTZIOAK

"Denetik egin daiteke, azazkalak, tinteak eman, lisatuak egin, permanenteak…"

Ubane Madera Zangitu 2022ko aza. 4a, 09:25

Nora Fernandez Soto ile-apaindegiko bezero batekin.

Urriaren erdialdean hasi zen lanean Nora Fernandez Soto (Elgoibar, 1996) Itxaropena Erretiratuen Elkarteko ile-apaindegian. Berez, Eibarko Vogue ile-apaindegiko langilea da elgoibartar gaztea, baina aurrerantzean bera izango da Itxaropenako ile-apaintzailea. 16 urterekin hasi zen ile-apaintzaile ikasten eta 18 urte zituenetik ari da ofizioan lanean.

Hasiberria zara hemen; zelan Soraluzen?
Pozik. Aldaketa gustura hartu dut.

Hasi da jendea etortzen?
Bai. Atzo, adibidez, nahikoa jende egon zen.

Soraluzen, Itxaropenan bakarrik diharduzu?
Ez, erretiratuen elkartean eta egoitzan, bietan nabil. Egoitzara eguaztenetan joaten naiz, orraztera-eta.

Zer eskaintzen du Itxaropenako ile-apaindegiak?
Denetik. Azazkalak egin, tinteak eman, bekainak, lisatzeak, permanenteak… Gainera, gizonendako zein emakumeendako zerbitzua da eta erretiratuendako prezio bereziak daude.

Ordutegia?
Astelehenetan itxita, martitzenetan, eguenetan eta barikuetan 09:30etik 12:30era eta 14:30etik 17:00etara; eguaztenetan, 09:30etik 12:30era eta zapatuan, 09:00etatik 13:00etara. Txanda hartzeko: 943 75 23 30.