"Gure fakultatean daude sei gradu eta bost master, 2.500 ikasle, Gipuzkoako fakultaterik handiena da"

Ubane Madera Zangitu 2022ko urr. 29a, 09:01

Esther Cruz Iglesias bere bulegoan.

Pedagogian Doktorea da Esther Cruz Iglesias (Soraluze, 1974), ikertzailea ere bada, irakasleen irakasle eta baita ere Ikasketaren Zailtasunen Esku –Hartzeko Masterduna. Horrez guztiaz gainera, 2021eko apiriletik Donostiako EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano-ordea da.

Zer moduz dekano-orde modura? Erantzukizun handiko lanpostua dirudi… 
Gogorra da. Nik orain kudeatzen ditut praktikak lau gradutan, filosofian, gizarte antropologian, gizarte hezkuntzan eta pedagogian. Gradu amaierako lanaren dekano ordea ere banaiz eta hor ere lau graduak kudeatzen ditut. 

"Gure fakultatean daude sei gradu eta bost master, 2.500 ikasle. Gipuzkoako fakultaterik handiena da eta oso konplexua da kudeaketa"

Gure fakultatean daude sei gradu eta bost master, 2.500 ikasle. Gipuzkoako fakultaterik handiena da eta oso konplexua da kudeaketa, koordinatzaileekin lan handia egin behar izaten dugu. Zailtasunak edo arazoak egoten direnean nire zeregina da horiek desataskatzea. Adibidez, ikasturte hasiera oso kaotikoa izan da; irakasle batzuk erretiratu egiten dira eta berriak etorri arte denbora pasatzen da. Aurten, adibidez, neu egon naiz hasierako formazioa ematen, inoiz baino irakasle gehiago erretiratu baitira.

Horrenbeste lan… noiz ailegatzen zara etxera?
Atzo, 20:00ak pasata ailgatu nintzen eta lanera joaten naiz 07:30erako. Orain eskuartean hiru hezkuntza fakultateen arteko proiektu bat ere badugu eta neu naiz horren arduraduna ere. Eta nire ardura da, baita ere, Garapenerako Lankidetzako praktikak. Eta aste honetan egon gara osagarriekin, lan poltsekin… 

Horrez guztiaz gain, ikertzailea ere bazara, ezta?
Orain arte Ikasguran egon naiz baina orain beste ikertalde batekin elkartu eta Ikasgaraian nago, Eusko Jaurlaritzako ikerketa taldea da. Goi-mailako hezkuntzaren inguruko azterketak egiten ditugu. Horrekin batera, orain, beste proiektu bat lantzen ere bagabiltza, Ocean-i3, Bordeleko unibertsitatearekin elkarlanean. Helburua da gure itsasoa eta kostaldea zaintzea, plastikoen kutsadura murrizteko. Proiektu horretan beste erakunde batzuekin egiten dugu elkarlana, adibidez, Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboarekin. Gure ikasleek gradu amaierako lana horren inguruan egiten dute, Pedagogia ikuspuntutik ekarpenen bat egiteko helburuarekin. Erronketan oinarritutako ikaskuntza da. 

Izan ere, Hezkuntza baino Ikaskuntza nahi duzue bultzatu, ezta?
Pertsona batek ezin du irakatsi bere ikasleak ez badu ikasten. Askok uste dute irakasten dabiltzala baina ikasleek ez dute ikasten. Zeinen arazoa da hori? Guk, normalean, fokua ez dugu ikasleengan jartzen, baizik eta testuinguruan. Hartara, aldatzeko aukera handiagoak ditugu.

"Pertsona batek ezin du irakatsi bere ikasleak ez badu ikasten"

Arazoaren fokua ikasleengan jarriz gero, berriz, erabat mugatuta geundeke, ze pertsona ezin bada aldatu, ezin da ezer aldatu. Guk ez dugu lan egiten pertsonekin bakarrik baizik eta testuinguruekin. Hortaz, testuinguruak aldatzen ditugu jendeak ikasteko.

Adibidez, zertan eragiten da?
Adibidez, Aspacekoekin eta Uliazpikoekin lantzen ditugu haien komunikatzeko gaitasunak, baina gure ikasleen bidez. Hamabostean behin elkartzen naiz nire ikasleekin; haiek, joaten dira Aspacekoekin eta etortzen direnean praktikarekin aztertzen dugu egoera… gauzak praktikan lantzen ditugu, hobeto ikusteko. Gero, Aspacekoekin edo Uliazpikoekin joaten gara eta erronkak jartzen dizkigute. Normalean, horixe izaten da nire eskoletan egin beharreko lanetako bat. Bultzatzen dut ikasketa-zerbitzuaren metodologia: hau da, ikasleek ikasten duten bitartean zerbitzu bat egiten dute, errealagoa izateko eta baliagarria.

Adibidez, Uliazpin sortu dugu proiektu bat: Uliamets. Horren bitartez, Uliazpiko erabiltzaileei euren ametsengatik galdetzen zaizkie eta gu ahalegintzen gara amets horiek betetzen. Uliazpiko pertsona bat eta ikasle bat ekartzen dugu amets hori betetzeko. Adibidez, batek nahi zuen domekero paseatzera joan argazkiak ateratzeko, eta, hori egiten dute. Edo zinemara joan edo igerilekura joan. Halako jarduerak, normalean, ez dituzte egiten erakunde batean bizi direlako eta ez dutelako aukerarik halakoak zeinekin egin. Nik irakasten dudan ikasgaia da Ezgaitasuna eta Inklusioa eta arlo teorikoa horren inguruan lantzen dugu. Aspacekoekin zein Uliazpikoekin elkarlanean daramat 2016tik. Aspacekoak, normalean, nire eskolara etortzen dira programa aurkeztera eta gero klasez klase joaten gara programa aurkeztera. 
 
Bide luzea egiten ari zara Pedagogian; ibilbide horretan guztian, zuk zeuk ze ikasi duzu?
Unibertsitatean irakasten hasten zaranean, apur bat idealizatuta duzu lanbide hori. Gero konturatzen zara ikasturte oso-osoko dozentzia planifikatu egin behar duzula eta bi orduko saioa betetzeko gauza asko prestatu behar dira. Gainera, gauzek beti ez dute norberak uste duen moduan funtzionatzen. Nik oso gustuko dut, adibidez, ikasleen berbak entzutea, baina haien ekarpenak jasotzeko landu egin behar da. Nik egiten ditut gauzak ikasleek parte-hartzeko, iritzia emateko, kritiko izateko…Bestalde, nik eman izan ditut 26 ikasgai ezberdin, ze unibertsitatean oso zaila da zure gustuko ikasgaia erakustea. Orain daramatzat urte batzuk nire gustuko gauzak eta gauza berak ematen eta horri eutsi nahi diot. Masterretan ere ematen ditut eskolak. Baina aurten dekanotzan nagoenez, murriztu egin didate dozentzia eta Pedagogia Graduarekin geratu naiz. 


Noiztik datorkizu Pedagogiari diozun atxikimendu hori?
Ba begira zelan diren gauzak. UBI bukatzean egin nuen eskaera Arte Ederretan, Biologian eta Pedagogian eta onartu ninduten hiruretan. Sasoi hartan, nire ahizpa Donostian zegoen ikasten eta Pedagogia fakultate berberean zegoen. Hari entzundakoengatik bukatu nuen Donostian. Ikasketei dagokienez, lehen mailan ikusi nuela gustuko nuela, bigarren mailan gehiago… hirugarren maila desastre samarra izan zen, ikasketak aldatu egin zituztelako. Dena den, niri beti gustatu izan zait ezgaitasunen mundua. Adibidez, egon nintzen Lagun Taldean boluntario moduan eta hor ya ikusi nuen esparru horretan geratu behar nintzela. Unibertsitateko ibilbidean, berriz, hainbat talderekin ibili naiz eta nabil lanean.

Ezgaitasunen inklusioa eta Hezkuntza Berezia dituzu bereziki gustuko
Nire tesia da gaitasunen ingurukoa. Nahi dut elkartu gaitasun eta desgaitasun mundua.

"Nahi dut elkartu gaitasun eta desgaitasun mundua"

Ibili naiz aztertzen Aspacen eta Uliazpin parte hartzen duten ikasleek ze gaitasun lantzen dituzten proiektu horietan parte hartzearren. 


Gaur egun, denetik esan ohi da irakasleei buruz; esango zenuke prestigioa galdu dutela?
Nik uste dut baietz. Baina mito asko ere badaude irakasleekin lotuta: 3 hilabeteko oporrak ditugula, ederki bizi garela… Ni, adibidez, uztailaren 31ra arte egoten naiz lanean eta aurten abuztuko azken astean ere lanean ibili naiz.

Dena den, prestigioa baino autoritatea galdu dutela esango nuke edo kendu egin dietela. Nire ustez, hezkuntza elkarlana izan behar da. Gurasoek ere parte hartu behar dute euren seme-alaben formazioan. Elkarrekin landu behar da, baina askotan kolokan jartzen dute irakasleen hitza etxean, umeen aurrean. Hori ez da ona, umeentzat ez da ona. Nik nahi dudana pentsa nezake, baina umeen aurrean ezin da esan, irakasleari autoritatea kentzen diogulako. Umeek ikusi egin behar dute elkarlana dagoela atzetik. Gurasoak ez badaude ados irakaslearekin, ba harekin berba egin beharko dute ikusteko nola bideratu hori, baina hori ezin da egin umearen aurrean, autoritatea kentzen diotelako irakasleari.

"Hezkuntza elkarlana izan behar da, gurasoek ere parte hartu behar dute euren seme-alaben formazioan"

Umearen heziketaren ardura familiarena da eta irakasleak egon behar dira familiarekin batera lantzen landu beharreko gauzak.

Gaur egun gero eta familia eta guraso gehiagok dituzte goi mailako ikasketak baina batzuetan pentsatzen dute arrazoia dutela eta hezkuntzaren inguruan denok dakigula eta akaso ez gara adituak hezkuntzan.

Irakasle ona izateko urrezko araua da…
Errespetuarekin berba egitea ikasleekin. Entzutea. Edozein adinetan.

Hezkuntzako fakultateko zuzendaritzan ez ezik, Sorakoan ere ibilitakoa zara. 
2018an hasi nintzen, baina lan kontuak tarteko, 2018-2019 denboraldian hartu nuen martxa eta laga nuen dekano-orde hasi nintzenean. Ezin nuen denarekin. Baina beti nago prest laguntzeko eta atxikimendu handia daukat Sorakoekin, nire semeak Soraren ibili direnez erantzukizun hori sentitzen dut. Beti kritikatzen ibili beharrean, parte hartu behar da. Oso erosoa da kanpoan geratzea kritikatzeko. Kolaborazio eta laguntza gehiago behar dugu eta kritika izatekotan, kritika konstruktiboa.  

"Kolaborazio eta laguntza gehiago behar dugu eta kritika izatekotan, kritika konstruktiboa"

Emakume gutxi ibiltzen da halakoetan, zuk gustura jardun duzu?
Oso emakume gutxi. Aurreko batean, Sora ikustera joan ginen Aretxabaletara eta han galdetu zidaten ea ez nintzen presidente izango. Ni beti sentitu izan naiz oso gustura taldean. 

Euskarari ere publikoki erakutsi diozu atxikimendua azken urteotan. Hor ere izan duzu ikaskuntzaren bat?
Pentsa, A ereduan ikasi nuen nik. 16-17 urterekin hasi nintzen Euskaltegian, baina Donostian ikasten hasi nintzenean laga egin nuen. Baina, unibertsitatean hasi nintzenean, bakarrik nuen aukera gaztelaniazko plazak hartzeko. Azkenean, barnetegi batera joan nintzen Zornotzan, hemen ere Euskaltegian ez dakit zenbat urtean ibili naizen… Baina euskararekin beti prest. Akaso posible dela ikusteak jendea animatzen du euskara ikastera. Ni neu behin ahozkoarekin blokeatu nintzen eta ez nuen gainditu. Oso momentu etsigarria izan zen, benetan. Munduko etsigarriena.

"Akaso, posible dela ikusteak jendea animatzen du euskara ikastera"

Orain, eroso sentitzen zara euskaraz? 
Bai; hanka sartzen dut askotan baina ez daukat hasierako beldur hori. Hori bai,  gogoan dut nire lehen euskarazko klasea eman nuenean nengoela jota urduri, pentsatzen ea gai izango nintzen euskaraz ondo erantzuteko ikasleek egindako galderei. Orain, berriz, askotan gertatzen zait joaten naizenean euskarazko klase bat ematetik gaztelaniazko klase bat ematera, nahastu egiten ditudala hizkuntzak eta gaztelaniaz gertatu izan zait ez irtetea berbak lehenengoan. 

Animatuko zenuke jendea euskarara?
Bai, bai. Nahiz eta dena ez zan positibo. Gogorra da ibilbidea. Hasi nintzenean, nahi nuelako hasi nintzen eta gustuko gauza bat zen. Baina behartuta zaudenean, ya gogorra da, epeak daude ateratzeko… Halako kasu guztietan moduan.

Uste duzu inposatu egin nahi dela euskara?
Niri logikoa iruditzen zait hezkuntza alorrean euskara jakitea. Gauza da zuk ez daukazunean, kostatu egiten zaizula, zerbait behar duzunean, kosta egiten baita, baina logikoa pentsatzen zait hezkuntza alorrean euskara jakitea. Hemen, hezkuntzaren hizkuntza, D ereduan, euskara da. Gero, hemen gertatzen dena da umeek kalean ez badute euskara erabiltzen, lotzen dutela hizkuntza bakarrik eskolarekin eta eta kaleko hizkuntza, berriz, gaztelaniarekin eta ez da izan behar horrela. Zentzu horretan, badaude hainbat egitasmo ondo planteatuta. Adibidez, Pello Jauregi irakasleak bere tesirako landu zuen Kuadrillategi. Edo Euskaraldia.

Soraluzera etorrita; Donostian joan-etorria egiten duzu egunero; ez duzu sekula pentsatu han bizitzea?
Nire senarrak hemen egiten du lan. Hori bai, nik oso gustura erosiko nuke etxe bat Donostian fakultate parean, baina astean zehar egoteko. Joan-etorria ilunetan egiten dut beti eta A8a oso arriskutsua da, ez zait batere gustatzen. Nire semeak kanpoan ikasten daude eta nire senarra gauez lanean dagoenean, bakarrik nago hemen. Baina hori bai, asteburuak hemen, eh? Ni hemengoa naiz eta ez nauzu hemendik mugituko. Hemen, kalean atera, trago bat hartu eta lagunekin egon eta deskonektatzea… hori hiri handi baten ez duzu.

"Ni hemengoa naiz eta ez nauzu hemendik mugituko"

Baduzu hurrengo proiektu/erronkaren bat buruan?
Ba nire plaza defendatu beharra daukat. Nik atxiki plaza bat defendatu nuen, orain agregatu plaza defendatu behar daukat. Hiru froga dira: ikerketa berri bat, zure plan dozentea eta proiektua. Oraindik ez dute atera nire plaza, uste dut urtarrilean aterako dutela beraz hurrengo urtean egingo dut defentsa.

Beraz, beti ikasten?
Bai. Dekanotzan dut 2025era arte eta erdian plaza defendatu beharra daukat. 
Bestalde, ari gara, baita ere, artikulu batzuk idazten Siglo O aldizkarian eta International Journal Of Sustainability aldizkarian eta aurten publikatu dugu Ocean i3 proiektuari buruz… Beste irakasleei ere ematen dizkiet eskolak. Kongresua ere badugu Bartzelonan urtarrilean eta orain entregatu behar dut harako ponentzia…Beti zerbaitetan.