Aurten, iaz baino lehiakide gutxiago izango da Itxaropenako gisatu lehiaketan, sei bikotek eman du-eta izena (zortzi bikoterendako lekua dago). Baina dauden sukaldariak gisatua goxo prestatzen ahaleginduko dira, bai lehiaketara begira zein ondorengo bazkarira begira ere, izan ere, okela gisatua izango da bazkariko menuko plater nagusia.
Sukaldaritza lehiaketa 13:30ean amaituko da eta orduantxe dastatuko ditu epaimahaiak lapikoetako jakiak, baina bazkalostean emango du epaia eta orduantxe banatuko dituzte sariak. Partaide guztiek jasoko dute elikagai poltsa, saridunek, berriz, poltsa berezia.
Bi bingo
Bazkariari dagokionez, berriz, 14:00etan hasiko da. 83 lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan, erretiratuak, elkarteko zuzendaritzakoak eta udal ordezkariak. Bazkalondoren, gisatu lehiaketako sariak banatu eta gero bingo berezia egingo dute, gisatu lehiaketako elikagai poltsa bi sari modura jarrita. Bi bingo egingo dituzte eta bingoa kantatzen duenak elikagai poltsa bat eramango du opari.