Disgustu galantarekin hasi dute eguna Belarrak saltokiko ugazabek, bart gauean saltokian lapurretan egin dietela jakin dutenean.
Goizean, Udaltzaingoa egoera aztertzen ari zela, gogora ekarri dute uztailean ere saiatu zirela saltokira sartzen pertsiana indarrez zabaltzen ahaleginduta, baina orduan ez zutela lortu. Bart, berriz, lortu zuten pertsiana zabaltzea eta baita barruko ateko sarraila apurtzea ere.
Hasierako zantzuen arabera, lapurrek denbora gutxi eman dute saltoki barruan; kutxako diruak lapurtu dituzte, baita kosmetikako produktu gutxi batzuk ere eta kutxa inguruak aldrebestu; oraingoz, ez dute beste ezer faltan igarri, baina uste dute zuzenean joan direla kutxako dirua lapurtzera. Kutxa-ordenagailua bera ez dute eraman, esaterako.
Ertzaintza eta Udaltzaingoa izan dira egoera aztertzen eta besteak beste, hatz-markak hartu dituzte.