‘Soraluze beldur barik!’ kontzentrazioa deitu dute

Ubane Madera Zangitu 2022ko urr. 18a, 08:55

Barikuko kontzentrazioa iragartzen duen kartela, Kooperatiban.

Azken asteotan herrian gertatu diren istiluak direla eta, herriko hainbat tabernarik eta gaztek Soraluze beldur barik! lemapean elkarretaratzea antolatu dute barikurako. Joan den irailaren 3ko gauean bi gazte arma zuriz zauritu zituzten; hurrengo egunean, haien erasotzailea atxilotu egin zuten, baina epailearen aurretik pasa ondoren libre laga zuten. Harrezkero beste hainbat istilu eta egoera “gogor” bizi izan direla eta, “inork ezer egiten ez duela ikusita” deitu dute elkarretaratzea. 

“Labankada eta gero, beldurra sartu zitzaigun barreneraino. Gainera, etengabe ikusten dugu erasotzailea. Erasoa egin eta astebetera tabernara sartu zen, erasoaren biktimetako bat bertan zela, eta, bota egin behar izan genuen. Harrezkero, istilu bat baino gehiago izan dituzte erasotzaileak eta bere bi lagunek; guk ere ika-mika bat baino gehiago izan dugu berarekin eta bere lagunekin, baina aurre egiten digute, gogor egin ere, beldurra emateraino. Gainera, sarri ibiltzen dira kalean gora eta behera paseoan, justu gure taberna aurrean. Kalean giroa bero dago eta bi tabernari alkatearekin berba egitera joan ginen egoeraren berri eman eta zerbait egin dezan eskatzera. Ez dugu ulertzen gertatutakoa gertatu ondoren, ondoriorik ez izatea. Baina ikusita ez dutela ezer egin, pentsatu dugu zerbait egin behar dugula eta horregatik erabaki dugu elkarretaratzea egitea”, kontatu du Txaro Uzinek, Txoko tabernako ugazabak.

“Gazteok sentitzen dugu ezin garela lasai irten parrandan gure herrian, beldur gara gure segurtasunarengatik. Gertakari hau baino lehen trankil irteten ginen kalera. Orain ez. Ez dakigu berriro gertatuko ote den”, kontatu du gazteetako batek.

Tabernariek zein gazteek deitutako elkarretaratzea barikuan izango da, 19:00etan, Plaza Berrian. Zuen parte hartzea eskertuko genuke, diote deitzaileek.