Hondakinak lekuz kanpo lagatzen dituztenei espedienteak

Erredakzioa 2022ko urr. 15a, 08:54

Soraluzeko Udalak ohartarazi du espediente zehatzaileak zabaltzen hasi direla hondakinak lekuz kanpo lagatzen dituzten herritarrei. Jakinarazi duenez, gaiari buruzko sentsibilizazio eta informazio kanpainak egin arren, egoerak okerrera egin du. Hori ikusita, espedienteen bitartez, lehenengo aldiz ohartarazpena egingo dio oker jokatzen duen herritarrari baina bigarrenean ja isuna ezarriko dio Mankomunitateak. 599 eurorainoko isuna ezar dezake.

Iker Aldazabal alkateak jakinarazi duenez, Mankomunitateko garbitzaileek egunero aurkitzen dituzte hondakin poltsak lekuz kanpo lagata; gehienetan, edukiontzien ondoan, baina baita zakarrontzietan sartuta ere. 


Plastikoa organikoetan

Horrez aparte, gaineratu du herritar askok ez dituztela hondakinak edukiontzien arabera sailkatzen eta, adibidez, organikoen edukiontzietan sarri egoten direla birziklatu ezin diren plastikozko poltsak botata. Eta beste herritar askok, berriz, plastikozko poltsak bailiran erabiltzen dituztela organikoarendako poltsak.  

Alkateak gogorarazi du aspaldi ematen ari dela horrako egoera hori. Halaber, adierazi du Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak behin baino gehiagotan egin dituela herritarrak kontzientziatzeko zein edukiontzien erabilera zuzenaren gaineko informazioa helarazteko kanpainak, baina hala ere, egoerak okerrera egin duela.

Hori dela eta Mankomunitateak erabaki du espediente zehatzaileak zabaltzen hastea, eta dagoeneko abiarazi ditu batzuk.

Herritarrak identifikatu 

Prozedura honakoa da: lekuz kanpo lagatako hondakinak arakatuz, ahaleginduko dira hondakinen jabea identifikatzen.

Behin hori eginda, herritarrari ohartarazpena bidaliko diote. Baina ikusiz gero, herritar horrek jokabidea errepikatu egiten duela, bigarrenengoan isuna jarriko diote. Alkateak esan duenez, 599 eurorainoko isuna ipin dezakete.