Goizetik ekingo diote jardunaldiari, 11:00etan Gilen Garcia Debako alkateak egingo duen hasierako agurrarekin. Debako ARBIL Adinekoen Zentroaren kanpoaldean parte hartzen duten guztiei agurra egin eta, jarraian, Zumardirantz joango dira, oinezkoentzako zubia zeharkatu eta, kostaldeko pasealekutik, Mutrikuraino joateko.
Antolatzaileek esan dutenez, “horrelako martxa guztietan bezala, kontrol-postu batzuk jarriko dira, igarotzean zigilatzeko: irteeran eta helmugan, bai eta Arbeko tarteko puntuan ere. Bertan, gainera, Debako eta Mutrikuko udalek komun mugikor gehiago jarriko dituzte. Arben, gainera, Eroskik emandako hornidura pack bat banatuko da”.
Behin Mutrikura ailegatuta, Joseba Palenzuela alkateak egingo die harrera eta, ondoren, bazkaria egingo da, Miruaitz frontoian, musikarekin girotuta.
Soraluzeko Itxaropena ere bai
Gipuzkoa osoko 70 gizarte zentroez gain, zehazki, AGIJUPENS gipuzkoar lurraldeko Debabarreneko ondorengo zentroek hartuko dute parte: Debako Arbil, Mutrikuko Anaiarte, Soraluzeko Itxaropena, Mendaroko Lagun Betikoak, Elgoibarko Etxea eta Eibarko Untzaga. Bestalde, Arbilek eta Anaiartek ahalegin berezia egingo dute goiz horretan boluntario talde handi batekin, bertatik bertara lan egin dezaten martxa behar bezala garatzeko.
Debabarrena eskualdeko alkate guztiak gonbidatu dituzte ekitaldira, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak ere. Bizkaiko eta Arabako lurralde-koordinadoretako arduradunak ere joango dira. Aurten 500 pertsona inguru biltzea espero dute.