Familia antzerkia

"Irupe" antzezlana domekan herriko musikarien zuzeneko eta guzti

Egoitz Unamuno 2022ko urr. 12a, 12:30

'Irupe' antzezlaneko eszena.

Urriaren 16an, domekan, Muyuyay konpainiak ‘Irupe, ilargia ukitu nahi zuen neskatila’ obra taularatuko du antzokian. Itzal bidez errepresentatutako antzezlanak ingurumena du ardatz eta jatorrizko basoa salbatu nahi duen neskatilaren istorioa kontatzen du. Soraluzeko emanaldian, zuzeneko musika izango da Domentx Uzin eta Arianne Unamunoren eskutik. Guztia, 17:30etatik aurrera, herriko antzokian.    

Irupe antzezlanaren istorioa Brasilgo Guaranien kondaira batean dago oinarritua eta kontatzen du deforestazio testuinguru batean neskato batek bere ingurunearekin duen lotura: "Irupe jatorrizko basoan bizi zen, oso zoriontsu, baina egun batez dena aldatu zen, gizon batzuek basoari su eman ziotelako. Irupe, gauero ilargia ukitzen saiatzen da, bere desioa bete dadin: mendia berriz mendi izan dadin nahi du. Beteko al du ilargiak Iruperen nahia?". 

Irupe itzal-antzerkia da, ilustrazio eta bideo animazioz jantzia eta Paula Alfieri Ferreres argentinarrak zuzendu eta interpretatua. Obraren euskarazko bertsioari dagokionez, Alfierik hainbat kolaboratzaile izan ditu, besteak beste, gidoia Olatz Beobide euskal aktore eta zuzendariak euskaratu du eta off ahotsa ere berea da; musikaren euskarazko bertsioa, berriz, Domentx Uzin eta Arianne Unamuno plazentziatarrek egokitu dute, eta hain zuzen, domekan, zuzenean interpretatuko dute.     

Antzezlana edozein adineko pertsonei  zuzendua dago eta bereziki gomendagarria da "familia giroan ikusteko". Emanaldia 17:30ean hasiko da eta sarrerak 3 eurotan salduko dituzte antzokiko ateak zabaldu baino ordu erdi lehenago, sarreran bertan.    

Plaentxia.eus-ek antzezlana ikusteko bi sarrera bikoitz zozkatzen ditu hemen.