Santa Ana kalean zuena baino saltoki handiagoa estreinatu du Mustak Kalebarrenen. Urtetan itxita egon den Mendata taberna zaharberritu du horretarako, eta, barikuaz geroztik saltoki berrian dabil lanean. Izena lehengo bera du, Tanger, bertakoa da-eta jaiotzez Musta, saltokiaren ugazaba.
Zabaldu duenetik, bisitari asko pasatu dira Mustaren saltoki berritik; hala ere, denda berria herritar guztiei erakusteko inaugurazio ekitaldia egingo du. Bihar, eguaztena, 19:00etan egin du hitzordua. Iragarri duenez, bisitariendako jatekoa izango da eta saltoki berria bertatik bertara ikusteko aukera, noski.