Eneko Alvarezek bi urte eman ditu txistu-fabrikazioaren prozesuan, aitaita Jose Angel Basauriren laguntzarekin eta Aitor Amorren tailerreko tornua baliatuta, SAPAtik "erreskatatutako" tornu bat.
Hain zuzen, tornu horretan eta gazte soraluzetarraren grinean dago guztiaren abiapuntua.
Tornulari izan nahi zuen
"Beti izan dut kuriositatea tailerrekiko. Aitaitarekin joaten nintzen edozein tailer ikustera, barrura begira, tornua eta tornuari buruzkoak entzuten. 8-10 urterekin tornulari izan nahi nuen", kontatu du Alvarezek. Handik lau urtera bete zuen nahi hori, Aitor Amorrek tailerreko ateak zabaldu zizkionean bertako tornua erabil zezan.
Alvarez "pixkanaka" hasi zen tailerrera joaten, "tornuari puesta a punto" egitera hasieran. Jose Mari Mendia ere batu zitzaion, bera zen-eta Amorren tornua SAPAn maneiatzen zuena. Mendia eta Basauri tornulari adituekin ikastaro trinkoa egin eta ederki ikasi zuen Alvarezek makina erabiltzen. "Hasieran, oinarrizko operazioak egin nituen, beldurrez, baina konfiantza hartzen joan nintzen, gero probak egiteko balio izan zuten piezak eginez. Ondoren, tornua bera konpontzeko piezak eginez ikasten joan nintzen".
Tornua eta txistua lagun
Bestalde, 10 urte zituenetik txistularia ere bada Eneko Alvarez, "Motxatarren laugarren belaunaldiko txistularia" dio. Horren jakitun, behin Amorrek txistu bat egiteko xaxatu zuen. Besteak, hasieran ezetz, baina gerora, baietz esan zion. "Kostata", Jose Angel Basauri ere konbentzitu zuten bidelagun izateko, nahiz eta hura sinistuta egon txistua ez zela ondo irtengo, gaztetan berak esperientzia txarra izan baitzuen asmo berarekin. Hala ere, ekin zioten. "Erronka zailenetariko bat txistuari alderik aldeko zuloa egitea izan zen. Hasieran ez genuen lortzen, zuloak desbideratu egiten zitzaizkigun, baina saio asko egin ostean, hori egiten ere ikasi genuen. Beste guztia txistu fabrikatzaileen -Gancedo, Keller, Ezpela, JAI Txistuak…- txistuak begiratzen eta kopiatzen eta, ahal zena, gure gustura egokitzen egin genuen. Aitaitak badu 100 urte baino gehiago dituen txistu bat, hari ere egin genizkion begiratuak. Ordu mordoa pasa genituen neurriak hartzen, planoak egiten…Orain, txistuak egiten badakigula, bat egiteko 20 bat ordu behar ditugu, ba hasieran…".
Emaitza ikustean berotu
Baina lan handi horrek fruituak eman zituen eta lehen txistuak ondo atera zitzaizkien itxuraz; soinua ere ateratzen zuten. "Ez zen soinu ona, baina bai zein pieza jotzen zen asmatzeko bezain bestekoa. Hor animatu ginen txistu gehiago egitera. Aitaita ere berotu zen eta Gabonetan txistuak egiteko ebano pusketak oparitu zizkidan. Bat egin genuen, ondo irten zen eta gainera bidean gauza asko ikasi genituen hurrengoetarako; ondoren, erremintak egin genituen txistuak fabrikatzeko, dozena erdi inguru egin nahi genituelako" kontatu du.
Orain makilak
Baita egin ere. Hiru txistu bukatuta daude, beste lauei azken brilloak falta zaizkie. Zazpi txistuetatik bi hartu ditu Alvarezek. Bat Amorri oparitu dio. Gainerakoak gordeta daude,"saldu ezin dira egin, ez dago horrekin negozioa egiterik, beraz, norbaitek fabore moduan-edo eskatuko balu, ikusi egin behar". Txistuez gain, danbor-danbolinerako makilak ere fabrikatu ditu, haiek ere diseinu berezikoak. Orain, mendi-makilekin hastea du buruan, tornuan hartutako jakintza bertan aplikatzeko asmoarekin.