Obrak bukatuta, aste honetan zabaldu dute Itxaropena. Eguenean, elkartea zabaldu eta bingoa egin zuten eta atzo, berriz, taberna zabaldu zuten.
Testuinguru horretan, elkarteko zuzendaritzak buru-belarri dihardu lanean, ekintzak antolatzen. Urrirako, esaterako, haragi gisatu lehiaketa, bazkaria, txangoa eta hitzaldia antolatu dituzte.
Haragi gisatu lehiaketa
Haragi gisatu lehiaketari dagokionez, zortzi bikoteredako lekua izango da. Parte hartu nahi duenak Itxaropena tabernako tabloian eman behar du izena, urriaren 16a baino lehen.
Lehiaketa urriaren 21ean izango da, barikua. Lehiakideak 10:00etan hasiko dira okela gisatzen eta 13:30ak arteko denbora izango dute prestatzeko. Ondoren, epaimahaiak probatu eta bere balorazioa emango du.
Bazkaria
Lehiaketa bukatuta, bertan sukaldatutakoarekin bazkaria egingo dute elkarrekin, 14:00etan. Menuan, haragi gisatuaren ondoren, izango dute sagarra, gazta eta menbriloa eta kafea.
Bazkarirako izenematea ere zabalik dago. Kasu honetan, elkarteko zuzendaritzan eman behar da izena, martitzenetan edo eguenetan, 11:00etatik 12:00etara, urriaren 16a baino lehen.
Txangoa eta hitzaldia
Bestalde, txangoak eta bestelako ekimenak ere hasi dira antolatzen Itxaropenan. Urriaren 27an, esaterako, Iratxe-Lizarrara joango dira. Izena eman ahal izango da urriaren 11tik aurrera. Astearteetan 11:00etatik 12:00etara eta 16:30etik 18:30era eta ostegunetan 11:00etatik 12:00etara.
Azkenik, urriaren 19rako eta 26rako hitzaldia antolatu dute: Aurretiazko borondateak, bizi testamentua eta autotutela. Urriaren 19an euskaraz izango da eta urriaren 26an, berriz, gaztelaniaz.
Bingoa egunez aldatu
Bestalde, Itxaropena elkartetik jakinarazi dute bingoa egunez aldatuko dutela. Eguenetan barik, aurrerantzean, martitzenetan izango da. Tabernaren kudeatzaile berriak hala eskatu du eta elkarteko zuzendaritzak ontzat eman du, bingoan bertan galdetu eta kontrako iritzirik ez dela egon ikusi ondoren.