“Bizi-baldintzak aurrekaririk ez duen moduan hondatzen” ari direla salatu dute

Ubane Madera Zangitu 2022ko urr. 4a, 09:01

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua ez dago batere konforme urtarrilean indarrean sartu den pentsioen erreformaren lehen zatiak ekarri dituen ondorioekin. Atzoko elkarretaratzean gogora ekarri zuten erretiro-adina 67 urtera luzatu dela eta kotizatu beharreko urte kopurua 25 urtera igo dela. Salaketekin batera, besteak beste, Gizarte Segurantzan auditoria egitea eskatu dute eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa denendako. Langile-klase osoari dei egin diote "horrenbeste kostatako eskubideen defentsara eta borrokara".

Atzoko elkarretaratzean, salaketa ugari egin zituen Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak, aurten indarrean sartu den pentsioen erreformaren ondorio negatiboen harira. Honakoak nabarmendu zituzten:

  • Erretiro adina 65 urtetik 67ra luzatzea.
  • Kotizatu beharreko urte kopurua 25era igo dela eta 35 urteraino igotzea dagoela aurreikusita.
  • Pentsioak ez direla azaroko KPIaren arabera igo, baizik eta batez besteko igoera izan dute, eta, ondorioz, erosteko ahalmena nabarmen murriztu dela.
  • Pentsioen funts pribatuak onartu dituztela.
  • Genero-arrakalaren aurkako neurriak bidean laga dituztela. 

Horrekin batera, eskatu zuten Gizarte Segurantzaren auditoria egiteko eta hileko gutxieneko pentsioak hilean 1.080 euroraino igotzea. 

Atzoko elkarretaratzea 47 bat lagunek babestu zuten. Halaber, deialdia egin zien langile-klase osoari "ahalegin handiz konkistatutako eskubideen defentsara eta borrokara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.