26. Gaztañerre azoka izango da aurtengoa. Joan den asteko eguenean egin zen azoka antolatzeko lehen batzarra eta bertan esandakoen artean, adostu zuten aurten ere 10:00etan zabalduko dituztela postu guztiak.
Xehetasunetan sartuta, 09:00etarako bertan egongo dira ganaduzaleak eta ondoren, 10:00etarako gertu izango dira gainerakoak: barazkigileak, artisauak eta San Andresko auzotarrek ipiniko duten jan-edanerako txosna.
Izen-ematea
Ohi moduan, azokan parte hartzeko izena Debemenen bitartez eman behar da, honako telefono zenbakira deituta: 943 744067 (Agurtzane). Partaide bakoitzak izena ematerakoan adierazi beharko ditu azokarako behar dituenak: zein espazio behar duen, argindarrik behar duen…
Osterantzean, Gaztañerre antolatzeko lehen batzarrean erabaki zuten aurten ere, egun horretan, herritarrek bakarrik ipini ahal izango dituztela saltokiak eta besteak beste, goiz partean egingo diren ekitaldi guztiak Erregetxean izango direla, herritarrak bertara erakartzeko.
Ildo beretik, azoka jai-giroarekin gozatuko dute, dantzarien eta bertsolarien saioa izango baita, besteak beste. Eta, noski, aurten ere omenduko dituzte bi baserritar, oraindik erabakitzeke daudenak.
Dena den, batzarrean bertan baserritar batek proposatu zuen aurten Elena Agirregomezkorta omentzea. Erretiratu egin da Osumazpiko baserritarra, baina urte luzez azoka plazan zein Gaztañerre azokan parte hartzen ibili da eta uste dute opariren bat merezi duela. Hautagaiak aztertu eta aurrerago jakinaraziko dute.