"Ahalegina egin eta neuk zabalduko dut"

Ubane Madera Zangitu 2022ko ira. 30a, 13:26
Luis Ariznabarreta Edurtza kanpoko aldean.

Gaur, irailak 30, 19:00etan zabalduko dute Edurtza. 20:30ak arteko kontsumizioak pintxo-pote modura aterako dituzte eta gero "normaltasunera" bueltatuko da apiriletik itxita dagoen Santa Ana kaleko taberna.

Berritasunekin dator Edurtza?
Bai, adibidez, logo berria dugu. Leku askotan begira ibili ondoren, E letrarekin eta sardexka batekin ostatu dugu, modernizatzeko. Edurtza jatetxea ere badenez, ba hortik dator sardexkarena. Horrekin batera, taberna osoari garbiketa sakona egin diogu eta margotu ere egin dugu.
Langileak ere berriak izango ditu?
Barran Fanny eta ni neu izango gara eta sukaldari modura orain artekoak jarraituko du. Egunero zabalduko dugu 10:30ean, itxi arte. Terraza, berriz, astegunetan 15:00etatik aurrera ipiniko dugu, hemen dagoen parkinga dela-eta ezin dugulako lehenago jarri. Zapatuetan 12:00etarako eta domeketan,berriz, zabaldu eta berehala.
Zer eskainiko du berritutako Edurtzak?
Taberna eta jatetxe zerbitzuak, biak. Jatetxeari dagokionez, astean zehar, bazkalordurako plater bakarrean oinarritutako menuak izango dira. Asteburuetan, berriz, afariak eta enkarguak, biak emango ditugu. Horrez gain, karta ere izango da, baita kazolatxoak, pintxoak eta ogitartekoak ere.
Eta tabernari dagokionez?
Argi dago asteburuetako gauak gazteenak direla, beraz, eurei zuzendutako sorpresak izango dira. Osterantzean, orain arte moduan, pintxoak izango dira gure indarguneetako bat eta, besteak beste, domeka goiz-eguerdian eskaintza berezia egongo da pintxotan. 
Zuk zeuk lanari laga diozu hona bueltatzeko. Zer dela-eta?
Batetik, ikusita herria zelan dagoen eta bestetik, ez nuelako taberna itxita laga nahi. Biak batuta, erabaki nuen ahalegina egitea eta neronek zabaltzea taberna, kale honi ere zelanbaiteko bizitza emango diola pentsatzen dut, argitasuna… Egia esan, ilusioarekin nator! 
Gainera, zuk ondo dakizu zer den hemen lan egitea…
Bai, 1983tik 2000ra arte izan nintzen hemengo arduradun eta langile. Harrezkero, 22 urte pasatu dira, badakit gauzak aldatu direla baina badakit, baita ere, zer den tabernako lana.
Besterik nahi duzu gaineratu?
Eskerrak eman nahiko nizkioke atzean lanean ibili den Rosa nire bikoteari, demaseko logistika lana egin du eta batzuetan bera ere azalduko da barran. Eta familiari ere bai, bere ulergarritasunarengatik.